Itxi

telebista

ARRAUNA

'24 Orduz Kontxako Banderan' berezia, igandean, ETB1en

M.A.

EITB

Kontxako estropadaren azken jardunaldia barru-barrutik biziko du erreportaje bereziak.

Igandean, irailak 8, Euskal Telebistako lehen kateak Donostian jokatuko den estropada garrantzitsuaren inguruko erreportaje berezia emitituko du. Xabier Mendiak gidatuko du '24 Orduz Kontxako Banderan' saioa eta 21:30etik aurrera izango da ikusgai.

Donostiako estropaden bigarren eta azken jardunaldia jokatuko da igandean. Eguerditik aurrera Donostiako portuan une zirraragarriak biziko dituzte bai arraunlariek eta baita zaleek ere. Baina goizean goiztik dago Gipuzkoako hiriburuko kaleetan giro aparta eta alaia, eta arratsaldeak aurrera egin arren,  kirol ikuskizun honen ospakizunak ez du indarra galtzen. Hauxe da zaletu gehien biltzen duen arraun froga, izan ere, 100.000 bat ikusle biltzen baita Kontxako Badiaren inguruan.

Xabier Mendiak eta bere lankideek Donostiako portuan eta, orohar, hiri guztian zehar, eguneko lehen ordutik bizi den giroaren kontakizuna ekarriko dute.

Eguneko protagonistak, zalantza izpirik gabe, zortzi traineruetako arraunlariak dira, eta ETB1eko kamerak goizeko lehen kafean hasi eta uretan sartu arte eurekin izango dira. Kolore guztietako elastikoa jantziko dute '24 Orduz Kontxako Banderan' saio bereziko lankideek. Gainera, lehia bukatutakoan, irabazleekin egongo dira, eurekin batera garaipena ospatzeko asmoz.

Beste lagun asko ere izango dituzte gonbidatu, tartean, Unai Elizasu arraunlari, bertsolari eta estropadako ereserkia egin duena, eta Josean Olaskoaga Aizperro entrenatzailea. Gainera, Juan Mari Lujanbiok, urtetan patroi lanetan aritu den arraunlari ohiak, egunaren kronika eta balorazioa egingo du. Arraunlarien senitartekoak eta zaleak ere ez dira faltako eta, jakina, apustuen mundura ere gerturatuko dira.