Itxi

telebista

21:00etan

'Euskal Herriko nonbait' dokumentala, gaur, ETB1en

A.A.

EiTB

Oion herrian euskarari eustearren egindako ahalegina erakusten du Gontzal Fontaneda gasteiztarrak egin duen 45 minutuko ikus-entzunezkoak.

  • Argazkia: Aitor Val

    Argazkia: Aitor Val

Euskal Herriko nonbait dokumentala izango da ikusgai gaur, 21:00etan, ETB1en. Oion herria du protagonista Gontzal Fontanedak zuzendu duen ikus-entzunezkoak, eta bertako herritarrek euskarari eustearren egindako ahaleginak kontatzen ditu.

Euskal Herri osoan lan handia egiten da euskararen alde. Baina, hori esaten dugunean, askotan, ez ditugu gogoan mugaldeko eskualdeak, oraindik ere euskara maila txikia dutelako, eta, gainera, berezko izaera, ohiturak eta agerpenak arrotzak iruditzen zaizkigulako.

Hala ere, kanpoaldeak ahalegin izugarriak egin ditu, euskara ezezaguna izanik, hutsetik hasita berreskuratzeko eta egunez egun sustatzeko. Fontaneda-Elguea familia arabarrak mugaldearen esfortzua erakutsi nahi izan du, Oion eredu hartuta. Euskaldun zaharrak eta berriak, beti bat.

Orain gutxira arte Logroño pareko eskualdean zegoen euskararen egoera kaskarretik abiatuta, gaur egungo egoerara arteko ibilbideari begiratua egin nahi dio Euskal Herriko nonbait dokumentalak, euskara berreskuratzen lan egin duten protagonisten bitartez.

Dokumentalak irauten duen 45 minutuetan, 1950eko hamarkadako Vespa motor batek harilkatuko du filma; guztira, 23 elkarrizketa egin dituzte Oiongo biztanleei ahotsa emateko. Besteak beste, Oiongo ikastolako sortzaileen adierazpenak, egungo eta garai bateko ikasleen esanak eta gurasoen hitzak bildu dituzte; besteak beste, egunero Logroñotik Oiongo ikastolara autobusez joaten direnenak.