telebista
Kultur agenda
'Figuranteak' antzezlanaz, aste honetako 'EiTB Kultura'n
EITB
EITB
Euskadiko kultur eskaintzari begira jarriko da saioa; antzerkia, zinea, musika eta teknologia berrien bidezko sorkuntzak izango ditu hizpide.
"EiTB Kultura"k Euskadiko kultur eskaintza arakatuko du. Arreta berezia eskainiko dio Ados Teatroa konpainiaren Figuranteak antzezlanari. Ikuskizunean parte hartuko duten bi aktoreek erronka handiari aurre egin beharko diote, eta hamabost pertsonairen papera egingo dute.
Bestalde, asteko zine estreinaldiak aurreratuko ditu (El quinto poder, Capitán Phillips eta Una cuestión de tiempo), iPhone batekin grabatutako pelikula baten irudiak eskainiko ditu, eta euskal eszenako hainbat ikuskizun nabarmenduko ditu (Los vascos y la danza eta Komunikazioa-Inkomunikazioa).
Horrez gain, soilik internet bidez ikus daitekeen Wim Wendersen argazki erakusketa eta John Berkhout taldearen lehen diska ezagutuko dituzte.
Figuranteak: bi aktore eta erronka handi bat
Nola egin dezakete bi aktorek 15 pertsonaia ezberdinen papera? Erronka horri heldu dio Ados Teatroa konpainiak Figuranteak antzezlanaren bitartez. Marie Jonesen Stones in his pockets komedia antzerkirako egokitu dute Jose Antonio Vitoriak eta Garbi Losadak, eta Carlos Zabalak zuzendu du.
Carlos Zabalaren zuzendaritzapean dihardute Asier Hormaza eta Oscar Terol aktoreek gaztelerazko bertsioan, eta Mikel Laskurainek Terolen papera egiten du euskal bertsioan. Herri txiki baten ohiko bizimodua goitik behera aldatuko du film baten grabazioak, eta bi figuranteen ikuspuntutik jasoko dute ikus-entzuleek aldaketa horren berri.
"EiTB Kultura"k gertutik jarraitu du Asier Hormaza eta Oscar Terol aktoreen lana, eta Mikel Laskurainekin ere hitz egin du, euskarazko lanean Terol ordezkatuko baitu.
"EiTB Kultura" asteazken gauean emitituko da ETB1en eta ostegunean ETB2n.