telebista
Euskal dantza
Euskal Herriko XXXVII. Dantza Txapelketa, larunbatean, ETB1en
Txapelketa zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.comen, eta gauean, berriz, ETB1en. Ondoren, txapelketaren ibilbidearen inguruko erreportaje bat izango da ikusgai: 'ETB Seguran, 30 urte'.
Larunbatean, urriak 19, jokatuko den Euskal Herriko XXXVII. Dantza Txapelketa 22:00etan emango du ETB1ek, eta, ondoren, Agustin Ezenarrok Segurako txapelketaren ibilbideari buruz egindako erreportajea eskainiko da. Lehiaketa 18:00etan hasiko da, eta zuzen-zuzenean jarraitu ahalko da eitb.comen.
Bederatzi bikotek parte hartuko dute aurten, eta, ohi denez, fandangoa (txistuaren doinua lagun) eta arin-arina (trikitiaz lagunduta) dantzatu beharko dute. Gipuzkoatik zortzi bikote datoz, horietatik hiru Azpeititik: Asier Ibarguren eta Garazi Gurrutxaga, Amets Amubieta eta Maialen Aldalur, eta aurreko bi urteetan txapeldunak izan diren Jon Ibarguren eta Idoia Besada. Bikote bana joango da Gipuzkoako gainerako herri hauetatik: Oiartzundik, Xanti Leonet eta Izar Etxeberria; Amasatik, Beñat Monfort eta Naiara Larrañanaga; Villabonatik, Ane Urruzola eta Axier Iriarte; Lezotik, Iker Sanz eta Lierni Kamio, eta Alegiatik, Maddi Otegi eta Julen Rodriguez. Bizkaitik ere bikote bat dator, Santurtzitik hain zuzen ere: Lander Campos eta Haizea Hormaetxea.
Imanol Artolak eta Izaro Iraetak aurkeztuko dute txapelketa. Epaimahaiaren balorazioa ere bilduko dute emanaldian, eta, horrez gain, parte hartuko duten dantzari bikoteen iritziak eta irudipenak jasoko dituzte ETB1eko saiorako. Agustin Ezenarro kazetariak egingo ditu elkarrizketak. Epaimahaiak erabakia eztabaidatzen duen bitartean, halaber, Acroindar-Adorejazz taldearen saioa izango da ikusgai.
'ETB Seguran, 30 urte'
Emanaldiaren ondoren, Agustin Ezenarrok txapelketaren historiaz zuzendu eta Iñigo Vaquerizo errealizadorearekin egindako ordubeteko erreportajea izango da ikusgai ETB1en. Segurakoa historia handiko txapelketa da, urtez urte hobetzen eta aldatzen joan dena, batik bat dantza, dantzari eta ikuskizunari dagokienez. Horren guztiaren erantzule izan da Segurako herria. Segurarrak izan dira txapelketa hau Euskal Herriko garrantzitsuena izan dadin lagundu dutenak.
EiTBk, gainera, protagonismo berezia izan du txapelketaren historian. Hasieran, Euskadi Irratiaren laguntzaz, eta ondoren, 1994an, ETB hasi zen txapelketa emititzen, eta horrek ere txapelketan eragina izan zuen. Eragin positiboa nolanahi ere, txapelketaren proiekzioa mundu osora zabaldu baitzen, eta, bide batez, Segura herriarena ere bai.
EiTBk 30 urte bete berri ditu, eta 30 urte hauetan txapelketari eman diona eta txapelketak eskaini diona ere jasotzen da erreportajean: txapelketaren sorrera nolakoa izan zen; orduko alkateak, Guillermo Areizagak, nola jarri zuen martxan, eta segurarrek nola eutsi zioten hainbat urtetan txapelketari, urtez urte hobetzeko helburuaz.
Artxiboko lan interesgarria jaso da bertan, hainbat argazki eta bideo baliatuta. Irudi horien bitartez, txapelketaren eboluzioa ikus daiteke, batik bat telebista bidez ematen hasi zenetik, baita dantza eta dantzarien bilakaera ere. Halaber, dantzarien testigantzek protagonismo berezia dute dokumentalean, eta baita musikarien hitzek ere.
Txapelketako unerik gogoangarrienak, hunkigarrienak, bitxikeriak...
Hori guztia jasotzen du erreportajeak. Dantzariei dagokienez, hiru aldiz jarraian txapelketa irabazi zutenei erreparatu diete bereziki, hori lortuta Nestor Basterretxea eskultorearen garaikurra dantzari horiek ordezkatzen duten herriko udaletxean geratzen baita.