telebista
Gaur
Auzoetako gatazkak, gaur gauean, '60 minutos' saioan
Euskal Herriko hainbat auzotako arazoak aztertuko ditugu, gaur, 22:15ean, ETB2n.
Komunitate-bizitzak, auzoetako eta herrietako kide izateak, gatazkak sortzen ditu noiznahi. Askotarikoak izaten dira arazoak: zaratak, bizikidetza gatazkatsua, auzi batekin lotutako bizilagunak... Gaur gauean, 22:15ean, ETB2ko '60 minutos' saioan, Euskal Herriko hainbat eskualdetan ibiliko gara, zenbait auzoren arazoak ezagutzeko.
Iruñeko Milagrosa auzokoak kexu dira segurtasun ezagatik. Lapurretak, ebasketak... denetarik izan dute. Gainera, betiko dendak ixten eta bestelako negozioak zabaltzen joan dira. Auzokideen esanetan, ez dira arrazismoaz ari, bizikidetza arazoa da.
Bilboko Solokoetxe ikastetxeko auzokoak eta gurasoak borrokan dabiltza aspaldidanik sakelako telefoniako antenen kontra. Hilabete honetan hasiko dira neurketak egiten, erradiazio-maila egokia den edo ez jakiteko.
Donostiako Igeldo auzoa Gipuzkoako hiriburutik banandu nahian dabil aspalditik. Igandean egin dute auzotarren nahia zein den ezagutzeko galdeketa.
Langraiz Okako Garabo auzoan ez dute estolderiarik, kale-argirik eta ur edangarririk. Auzokideekin hitz egingo dugu nola moldatzen diren jakiteko. Gasteizko Zabalgana auzoan, berriz, bisitari berezi batzuk dituzte: basurde familia bat ibiltzen da bertan batetik bestera.
Horrelako kontuak ikusiko ditugu, gaur, 22:15ean, ETB2ko '60 minutos' saioan.