Itxi

telebista

22:15ean, ETB2n

Patricia Gaztañagak '¿Y ahora qué?' saioa estreinatuko du gaur

Saio berria gaur estreinatuko da ETB2n, 22:15ean, eta arazoak izan dituzten pertsonen kontaketak hartuko ditu. Lehenengo atalaren izenburua: 'Kartzelatik irten naiz, eta orain zer?'.

  • Patricia Gaztañaga

    Patricia Gaztañaga

Gaur gauean, Patricia Gaztañagak aurkeztuko duen saio berria hasiko da ETB2n. Arazoak izan dituzten edota gatazkaren bat bizi izan duten lagunen kontaketak hartuko ditu. '¿Y Ahora Qué?' saioko taldeak kasu bakoitza sakon aztertuko du, protagonisten bizitzan murgilduz.

Lehenengo saioa

'Kartzelatik irten naiz, eta orain zer?' izango da lehenengo atalaren izenburua. Errugabeak gara, kontrakoa frogatzen ez den bitartean, eta, kontrakoa frogatuz gero, kartzelan bukatu ahal dugu. Kartzelatik irtetean, ordea, gizartearekin ditugun zorrak kitatu ditugu? Bi aukera daude orduan: kanpoan utzitako bizitzarekin jarraitzea edo berri bat hastea. Baina ez da hain erraza, kalean oztopo ugari izaten baitira. Hori izango du abiapuntu Patricia Gaztañagak aurkeztutako saioa.

Kartzelatik irten diren preso batzuen istorioak ezagutuko ditugu. Pepe, 70 urteko gasteiztarra, esaterako, 25 urte egon da hainbat kartzelatan. Egun, kanpoan dago, eta geratu zaion pentsioarekin bizi da. Benito, berriz, 16 urte egon da espetxean, droga-trafikoagatik, eta zuzenbide ikasketak egin ditu bertan. Miguelek 11 urte pasatu ditu kartzelan, hilketa saiakera leporatuta. Errugabea dela esaten du, eta, gaur egun, baldintzapean aske dago. Julio Pikazo Bilbon bizi da orain, baina 11 hilabete eman zituen Boliviako presondegi batean. Estortsio sare baten biktima izan zen.

Miguel Alonso Belza abokatuak eta Idoia Franco psikologoak Patricia Gaztañagaren zalantzak argituko dituzte saioan zehar.

'¿Y Ahora Qué?', gaur gauean, 22:15ean, ETB2n.