telebista
Gaur, 22:45ean
Euskara gerren arteko pizkundean, 'Euskara Jendea' saioan
A.H.
EITB
XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, pizkundea izan zen euskara eta euskal kulturaren inguruan.
Gaur gauean, 'Euskara Jendea' dokumental sailak, XIX. eta XX. mendeen artean euskarak izan zuen pizkundea azalduko du. Izan ere, Frantziako Iraultza eta Foruen abolizioa izan ostean, erdararen aldeko politikak are zorrotzagoak bilakatu ziren, eta, ondorioz, gehiago nabarmendu ziren, euskararen kaltetan.
XIX. mendean, ordea, herri kultura bultzatu beharra zabaldu zen. Europako euskaltzaleak eta hizkuntzalariak, Humboldt eta Bonaparte kasu, lanean hasi ziren, eta ondorengo ikertzaileengan (Azkue, Barandiaran...) eragin nabaria izan zuten. Aldi berean, hizkuntzarekiko eta herriarekiko kontzientzia pizten hasi zen; horren adibide dira Lore Jokoak kultura jardunaldiak edo 'Zazpiak bat' leloa zabaltzea.
Horrela, XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, pizkundea gertatu zen euskararen eta euskal kulturaren inguruan: erakundeak (Eusko Ikaskuntza, Euskaltzaindia) eta elkarteak (Euskaltzaleak...) sortu ziren, euskaraz idatzitako kazetak (Eskualduna, Eguna...) argitaratu ziren, eta euskal literaturak eta bertsolaritzak bultzada handia izan zuten.
Asteazkeneko atalean parte hartuko duten adituen artean, Iñaki Camino filologo eta EHUko irakaslea, Lourdes Otaegi EHUko hizkuntzalari eta Euskal Ikasketak saileko irakaslea, Jurgi Kintana Historian doktorea eta Udako Euskal Unibertsitateko kidea, eta William Douglass antropologo eta Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikasketen Zentroaren bultzatzaile nagusia izango dira.
'Euskara Jendea' gaur gauean emitituko da, 22:45etik aurrera, ETB1en.