telebista
Estreinaldia
'Basque Country Vertical' saioaren emanaldi berezia,gaur, ETB2n
A.H.
EITB
Euskal Herriko lekurik berezienak eskalatuko dituen saioaren atal berezia eskainiko du ETB2k gaur, 22:15ean. Zumaiako flysch-a, Nerbioko jauzia eta Arriarango urtegia izango dira protagonistak.
'Basque Country Vertical' saioaren atal berezia eskainiko du ETB2k gaur, abenduak 23an, 22:15ean. Euskal Telebistaren programazio apustu berri honetan, Arantza Garcesek Euskal Herriko eraikin, egitura eta lekurik berezienak eskalatuko ditu. Lehen saio honetan ikusgai izango ditugunak Zumaiako flysch-a, Nerbioko jauzia eta Arriarango urtegia izango dira.
'Basque Country Vertical' saioaren lehen denboraldia sei atalek osatuko dute, eta sorta osoa 2014ko lehen hiruhilabetekoan hasiko da emititzen. Aurrerapen moduan, baina, atal berezia izango dugu ikusgai astelehen honetan. Atal bakoitzean hiru erronka bertikal izango dituzte. Oso erronka diferenteak izango dira, zailtasun eta ikusgarritasuna kontutan hartuz. Bestalde, leku bakoitzeko eta inguru bakoitzeko adituek lekuaren ezaugarriak azalduko dituzte. Beti ere, orain arte erakutsi ez den ikuspegia emanez.
Gune eta eraikin berezienak eskalatuko ditu Arantza Garcesek. Besteak beste, Santa Maria katedrala Gasteizen, Zumaiako flysch-a, Nerbioiko ur jauzia Araba eta Burgoseko mugan, Arriarango urtegia Beasainen, Bilboko portua, Deba Goienako Monterrongo sekuoia erraldoia, Iruñeko Edificio Singular delakoa, Salburuako Dorre Gorria, Baionako katedrala, Bilboko BBVAko eraikina eta Pasaiko Platako itsasargia.
'BCV' ikusmenezko abentura da. Euskal Herritik barrena garamatza lekurik harrigarrienak erakutsiz, orain arte erabili ez den ikuspegitik. Emozio eta zirrara eragiten duen saioak irudi eta pasaia harrigarriak uztartu ditu.
Gure eraikinen bertikaltasuna da saioko lan-talde adituaren jomuga eta obsesioa. Atal bakoitzean programaturik ez dauden erronka eta desafioei egin beharko diete aurre.
Arantza Garces Lan Bertikalen Nazioarteko Eskolaren zuzendaria da. 'BCV'en begi bilakatuko da, goietan ibiliko da, eta abenturaren beste protagonista izango du zaintzaile: octocopter-a.
Daniel Ojanguren munduko piloturik onenetakoak gidatutako dronea da octocopter-a. Ojanguren Espaniako txapeldun izan da hiru aldiz eta munduko rankingean 15 onenen artean dago.
Erronka bertikal hauei aurre egiteko Asaken enpresa dugu. Lan bertikaletako seguritate profesionalik onenak bildu ditu enpresa honek.
Filmazioa, zuzendaritza eta errealizazioa Einarte eta Filmak ekoiztetxeen ardura izan da. Fermin Ayo eta Aitor Gisasola dira zuzendariak, eta esparru honetan esperientzia zabala dute biek.