telebista
Gaur
Euskal Selekzioa-Peru, zuzenean, ETB1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Arratsaldean programazio berezia eskainiko du ETB1ek, Euskal Selekzioaren partida historikoak berreskuratuz.
Euskal Selekzioak eta Peruk gaur jokatuko duten lagun arteko partida zuzenean jarraitu ahal izango da ETB1en eta eitb.com-en 20:45etik aurrera. San Mames estadiotik zuzeneko kontakizuna egingo du Txemi Galarragak Juanan Larrañaga aditua lagun duela. Joseba Urkiolak, berriz, zelaiko giroa gerturatuko digu partida hasi aurretik, eta protagonisten hitzak ere bilduko ditu ondoren.
Euskal Selekzioaren hitzordu garrantzitsu honen karietara, arratsaldean programazio berezia eskainiko du Euskal Telebistak. Joseba Urkiola kazetariak prestaturiko partida historikoen bilduma eskainiko du 18:30etik aurrera.
Bestalde, ETBKn, arratsaldeko bostetatik aurrera, palako Bizkaia Torneoko finalaren kontakizuna egingo dute zuzenean Bizkaia pilotalekutik Iñigo Aiestaranek eta Mikel Aierbek. Fustok eta Aierbek Altadillen eta Lujanen aurka neurtuko dituzte indarrak.