Itxi

telebista

Danborrada 2014

Haur danborrada, gaur, ETB1en eta eitb.com-en

M.A.

EITB

11:40etan hasita, txikienen saioa ikusiko dugu eta gauean bandera jaitsiera Konstituzio plazatik.

Gaur, San Sebastian egunez, Donostiako haur danborradan parte hartuko duten neska-mutikoak izango dira protagonista nagusi ETB1eko goizeko programazioan. Emanaldia 11:40an hasiko da eta Imanol Artolak egingo du kontakizuna. Beste behin ere, Danbor Nagusiak, Jeneralak, laguntzaileek, Easo Ederrak, damek, pertsonaiek eta palafrezainek hiriko kaleak zeharkatuko dituzte ehunka danbor-jole txikiren laguntzarekin.

Luisma Laboa kazetaria kalean egongo da haur eta gaztetxoekin hizketan eta Alderdi Ederretik abiatuko den ibilbidearen nondik norakoak zuzen-zuzenean azalduko dituzte. 4.692 neska-mutilek parte hartuko dute San Sebastian egunez ospatuko den haur danborradan. Lehen aldiz gainera, karrozan neskak nahiz mutilak izango dira.

Ospakizunei amaiera emateko, hiriko alkate Juan Carlos Izagirrek Donostia hiriko bandera jaitsiko du urtarrilaren 20an gaueko hamabietan. Orduan, Konstituzio plazan bildutako Union Artesana elkarteko danborrariek San Sebastian Martxa joko dute, azkeneko aldiz, jaiari bukaera emateko. Jai amaiera ere zuzenean eskainiko dute ETB1ek eta eitb.com-ek 23:00etatik aurrera.

eitb.com-en streaming bidez

Gainera, eitb.com-ek jarraipen berezia egingo du. San Sebastian jaien inguruko emanaldi guztiak zuzenean, streaming bidez, eskaintzeaz gain, danborradaren inguruko informazio guztia ikusgai izango da webguneak ekitaldiaren inguruan prestatu duen atari berezian.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Danborrada