telebista
Aurrerapena
Kokoen immunitate jokoa, 'Conquis' saioan, gaur
Kokoen immunitate jokoa izango da gaur "El Conquistador del Fin del Mundo" saioaren protagonista nagusia. Lehiakideek beste taldeetako partaideak aukeratu beharko dituzte.
Arantxak lehiaketa bertan behera utzi eta Esti saiotik kanporatu ostean, Jakareak oso egoera larrian daude. Egindako akats guztiak gora behera, egoera malkartsu honetan taldea aurrera eramateko gai dela erakutsi beharko du Manu Maritxalarrek. Baina taldearentzat immunitate jokoa oso zaila izan daiteke, Manu aukeratzen baldin badute parte hartzeko. Sokez lagunduta palmondo batzuetan gora igo beharko dira, kokoak hartu, aihotz bat erabiliz moztu, eta barruko likidoa edukiontzi batean isuri. Ontzia gehien betetzen duenak irabaziko du immunitate jokoa. Halaber, lehiakideek aukeratu beharko dute beste taldeetan lehenik zein taldekidek parte hartu behar duen proban. Manu gainerako parte hartzaile gehienak baino astunagoa eta traketsagoa denez, aukera asko ditu talde berdeko aukeratua izateko. Bestalde, txiripak kokoak garraiatzeko poltsa gisa erabiltzeko duten trebetasuna erakusteko aukera izango dute Koatiek. Jaguareteek berriz izango dute zalantza: Juanito ala Korta aukeratuko dute erronkarako? Kortaren egoera fisiko txarra dela eta, Juanitok garrantzia handiagoa izango du parte hartzerako orduan.
Arantxak eta Estik giro txarra utzi dute Jakareen taldean Iguazutik alde egin ostean. Arantxak odolari omen zion fobia ez zen benetakoa; Manuri ez zion musu eman nahi. Bestalde, Estik bere taldekideak gaitzetsi dituela esango die Julianek Jakareei, eta horrek ere ez die lagunduko taldean giro baikorra izaten.
"El Conquistador del Fin del Mundo", larunbat eta igandeetan, "Eguraldia" saioaren ostean, ETB2n.