Itxi

telebista

Final handia

Aitor, 'Sukaldari' saioko irabazlea

Saioa irabazteagatik, prestakuntza ikastaroa jasoko du Basque Culinary Centerren. Gainera, Afrikak Eroski Zurekin saria irabazi du ikusleen lehiakide gogokoena izateagatik.

"Sukaldari" saioko irabazlea Aitor Martinez Aspiazu izan da. Urduñako sukaldariak Sonia eta Iban gainditu ditu azken proban.

Final handia sorpresa handi batekin hasi da: Mugaritz jatetxera bisita. Andoni Luis Aduriz sukaldariak bere etxeko instalazioak erakutsiko dizkie, eta bertako plater adierazgarrienetako bat nola egin ikasi dute hiru lehiakideek. Ahoa zabalik geratu dira Sonia, Aitor eta Iban Mugaritzen ikusi eta ikasi dutenarekin. Adurizek abiatu du final handia, lehiakideei bi errezeta prestatzeko eskatuta. Aitorrek, Soniak eta Ibanek Eroskin egin dituzte erosketak, eta, ondoren, Basque Culinary Centerrera abiatu dira. Itsasoan eta lurrean oinarritutako plater bat prestatu behar izan dute. Aitorrek irabazi du lehen proba.

'Mugaritz esperientzia' gozatu ondoren, azken proban lehiatu dira Aitor, Sonia eta Iban. Sukaldera sartu direnean, ebaluazio mahaian bost mahaikiderentzako platerak ikusi dituzte. Izan ere, finalari urrezko amaiera emateko, izen handiko hiru sukaldariren bisita izan dute: Juan Mari Arzak, Pedro Subijana eta Martin Berasategi. Horiek Ramon eta Anderrekin batera dastatu eta baloratu dituzte lehiakideen errezetak. Subijana izan da bozeramailea, eta Aitorri eman dio garaipena.

Saioa irabazteagatik, prestakuntza ikastaro bat jasoko du Aitorrek Basque Culinary Centerren. Horrez gain, gaur saioan gonbidatuta egon diren lau sukaldari handien jatetxeetarako gonbidapenak jaso ditu Urduñakoak, eta 1.000 euroko txekea, Eroskin erosketak egiteko.

Afrikak irabazi du Eroski Zurekin saria, ikusleen lehiakide gogokoena izateagatik.