telebista
Gaur
Juan Mari Uriarte Donostiako gotzain emeritua, '6 Argazkitan' saioan
A.E.
EiTB
Bere bizitzako pasarte esanguratsuak errepasatuko ditu Pedro Mari Goikoetxeak lagunduta.
Juan Mari Uriarte izango dute gonbidatu aste honetan '6 Argazkitan' saioan. Haurtzaro garaia gogoratuz hasiko du saioa Uriartek, Begoña arrebarekin. Eskola garaiak eta gaztaroko kontuak ekarriko dituzte baita ere gogora.
Halaber, Zamorako gotzain izan zeneko garaia oroituko dute, 1991 eta 2000 urte bitartean. 1998an ETAren eta Aznarren gobernuaren arteko bitartekari lanak egin zituenekoaz ere mintzatuko da.
Egungo bake prozesuaz Jonan Fernadezekin arituko da. Jonan eta Juan Mari aspaldiko lagunak dira, eta garai bateko bizipenak kontatzeaz gain, gaur egungo egoera aztertuko dute.
Donostiako gotzain izan zeneko kontuak Felix Azurmendi bere bikario zenarekin ere astinduko dituzte. Jose Maria Setien ordezkatu zuen 2000. urtean Juan Marik Donostiako gotzain bezala. Setienek eskainitako laguntza eta esku-zabaltasuna ditu gogoan.
Azkenik, ilobekin biltzeko tartea ere izango du Juan Marik. Sei iloba ditu guztira eta hiru Brasilen bizi dira. Euskal Herrian bizi diren hirurekin elkartuko da: Andikona, Mikel eta Jonekin. Osabaren istorioak kontatuko dituzte.
'6 Argazkitan' saioa gaur izango duzu ikusgai ETB1en, Pedro Mari Goikoetxeak gidatuta, 21:30etatik aurrera.