Itxi

telebista

Ostegun Santuan

'Rene Cassin' pastorala, gaur, ETB1en

A.A.

EiTB

Giza eskubideen zaindari izan zen gizonari buruzko tragedia iazko udan antzeztu zuten Sohütako herritarrek.

Rene Cassin pastorala eskainiko du ETB1ek Aste Santuan. 2013ko uztailaren 28an eta abuztuaren 4an antzeztu zuten Sohütako herritarrek, eta, ohi legez, Euskal Telebistak zuzenean grabatu zuen. Pastorala Ostegun Santu honetan emituko da, 10:45etik 14:00etara.

Pastoralaren testua Jean-Louis Davant idazle zuberotarrak ondu du, 1968an Bakearen Nobel saria jaso zuen gizonaren bizitza gaitzat hartuta. 2013ko pastorala ez da azken urteetan Davantek prestaturiko lehena. 2004an Mauleko herritarrek taularatu zuten Antso Handia, Antso III.a Nafarroako erregeari buruzko tragedia, ere egin zuen.

Rene Cassin 1887an jaio zen, Baionan. Lehen Mundu Gerrak zauri larriak utzi zizkion, fisikoak bakarrik ez. Harrezkero, bere bizitza osoa pertsonen eta herrien elkar-aditzeari eskaini zion, eta, besteak beste, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsalaren sorreran eta erredakzioan hartu zuen parte.

Urtero bezala, EiTBko Euskara Sailak Zuberoan emandako azken pastoraleko testuaren transkripzioa eta euskara baturako egokitzapena egin ditu, eta eitb.com-en daude ikusgai.