Itxi

telebista

Gaur

Pello Salaburu elkarrizketatuko du Hasier Etxeberriak 'Sautrela'n

A.E.

EiTB

Euskal Literaturaren itzulpenak izango dituzte hizpide erreportajearen tartean.

  • Pello Salaburu

    Pello Salaburu

Aste honetako 'Sautrela'ko erreportajean euskal literaturaren itzulpenetan ipiniko dute arreta; alegia, sortzez euskaraz idazten diren liburuen itzulpenetan. Azken hamarkadetan euskal literatura mundura zabaltzeko ahalegina egin izan da, baina zenbateko arrakasta izan du horrek benetan? Irakurtzen al dira liburu itzuli horiek Euskal Herritik kanpo? Zein hizkuntzatara itzultzen dira gehien? Zer arazo topatzen ditu euskarazko liburu bat kanpoan hedatu nahi duenak? Horretaz gain, itzulia izango zarela jakiteak idazlearen sormen prozesuan eragiten ote duen galdetu diogu geure buruari. Berdin idazten ote da euskal irakurlea buruan edukita edo Euskal Herritik kanpoko irakurlea kontuan hartuta?

Elkarrizketan Pello Salaburu izango dute saioan. Euskal Herriko Unibertsitateko errektore ohi, euskaltzain eta filologo ezagunak bere lanik literarioena aurkeztuko digu: Errateko nituenak. Cuzcoko kronika. Cuzcorako bidaia bat aitzakia hartuta, hainbat konturen inguruan mintzatzen zaigu Salaburu bertan: oroitzapenak, hausnarketak, kritika zoliak, fikzio kutsuko pasarteak… Zer pentsatua ematen duen liburua, ezbairik gabe, baina baita zer gozatua ere. Izan ere, Salabururen jaioterriko hizkeraz onduak dira liburuko lerroak. Elizondo aldeko mintzairaren bizitasuna ekartzen digu lerro artera, eta plazerez irakurriko ditu horiek guztiak irakurle esker onekoak. Baserria eta hiria, Euskaltzaindia, borroka armatua… horietaz eta beste zenbait konturi buruz solastuko da, bada, Salaburu.

Saioaren azkeneko zatian, Beñat Sarasolak Andoni Egañaren nobela bakarra gogoraraziko digu: Pausoa noiz luzatu. Nobela bakarra izan arren, aski baloratua izan zen 90eko hamarkadaren hondarrean argitaratu ondoren. Bi planotan idatzitako nobelan, Espainiako II. Errepublikaren aurreko istorio bat eta Frankismopeko beste bat gurutzatzen ditu maisutasunez Egañak, idazkera ezin dotore eta finagoarekin.

Hori guztia izango dugu, beraz, gaur, 15:00etatik aurrera; betiko moduan, 'Sautrela' bereizten duten taxuera, bitxi eta bestelakoekin.