Itxi

telebista

22:00etan

'El Conquistador 10: Iguazutik Patagoniara', gaur

Ikuskizuna eta dibertsioa ziurtatuta daude Julian Iantzik aurkezten duen programa honen hamargarren edizioan, Iguazun eta Patagonian orain arte izan diren unerik onenak biltzen dituen saioan.

'El Conquistador del Fin del Mundo' Euskal Telebistako abenturazko realityaren saioko hamargarren edizio honen unerik onenak ikusi ahal izango ditugu gaur, ohiko ordutegian. Orain arte emititutako hamar edizioetatik gogorrena izaten ari da aurtengoa: oihaneko beroa, bertoko intsektuak, sugeak, kanpamentuetako baldintza latzak, janari eskasia, proba gogorrak eta istripu ugari izan dira nagusi Iguazun, programaren lehen fasean. Lehiakideek ozta-ozta gainditu dute penitentzia hau.

Orain, bigarren fasean, Patagonian daude, eta egoera ez da lasaitu. Aurreko bederatzi edizioetan izan diren joko eta duelu gogorrenak gainditu beharko dituzte. Patagoniako ur hotzak eta maila altuenean lehiatzeak dakarren ahultzea sufritu dituzte Antuanek eta Sandrak.

'El Conquistador 10: Iguazutik Patagoniara' izeneko saio berezia Parana ibaian egindako lehorreratzearekin hasiko da. Kapitainek bere taldeko lehiakideak ezagutuko dituzte lehen Immunitate Jokoari esker. Korta eta Juanito talde bereko liderrak izango dira; David Seco eta Manu Maritxalar, ordea, bakarrik egongo dira euren taldeei aginduak ematen. Jaguareteak, Koatiak eta Jakareak izango dira hamargarren edizioan lehian. Azken taldea, Jakareena, aurreko edizioetako parte-hartzaileekin osatuta dago.

Manu eta lehiakide ohiak Guaranien kanpamentura nola iritsi ziren, Jakareek Maritxalarrekin izandako istiluak, David Secok guaranien kazikearen aurka erakutsitako jarrera gogorra, Kortak eta Juanitok programako antolatzaileen kontra izandako kexak, Patxi eta Metxa lehiakideen zauriak, Jakareen taldearen desagertzea, Jorgeren istripua, Leoni egindako jokaldi makurra eta Iguazuko final handian Leonek abenturari agur esan behar izan zion unea, taldeen bateratzea, nesken eta mutilen arteko itunak, Enekoren eta Rebekaren arteko harremana, Arik besoan min hartu zuenekoa… Horiez gain, edizio honetan orain arte izandako 14 kapituluetako proba zailak berriro ikusteko aukera ere izango dugu: tirolinak, jauziak, idiak, zomorroak, basatza, orientazioa, 'Tronkoala'ren jokoa, gautxoen jokoa…

Ikuskizuna, beraz, ziurtatuta dago gaur, 'Eguraldia' tartearen ostean, ETB2n.