Itxi

telebista

Xabier Usabiagak aurkeztuta

Euskadiren zortzi abizenen bila arituko dira gaurko 'Debatea'n

A.H.

EITB

Zer izan beharko luke Euskadik: konfederala, independentea, federala ala konstituzionala?

0:09

8 apellidos vascos filmaren arrakasta aintzat hartuta, Euskadirentzat abizen bila arituko dira gaur gaueko 'Debatea' saioan. Aberri Egunean hainbat proposamen egin zituzten alderdi politikoek, eta ez ziren ados jarri Euskadik behar dituen izen-abizenei dagokienez.

EAJk Euskadi konfederala du gustuko, Bilduk Euskadi independentea, PSE-EEk Euskadi federala eta PPk Euskadi konstituzionala. Lau aukera hauetatik zein da onena Euskadirentzat? Galdera horri erantzuten saiatuko dira ostegun honetan 'Debatea' saioan izango diren solaskideak.

Aste Santuan Euskadik turismoan izan duen gorakada, eta gorakada horretan 8 apellidos vascos filmak izan duen eragina ere aztertuko dute aste honetako 'Debatea'n. Zergatik izan du film honek hainbesteko arrakasta?

Azkenik, Abadiñon eta Mutrikun Espainiako banderarekin lotuta izan diren gertaerak ere aztertuko dituzte.

Osteguneko solaskideen artean, Karmelo Landa EHUko irakaslea, Jone Goirizelaia abokatua, Andoni Unzalu informatikaria, Jose Luis Elortza antropologoa, Unai Grajales arduradun juridikoa, Galder del Campo abokatua eta Josu Mendikute EGIko kidea bilduko dira.

'Debatea' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB1en.