telebista
Igandean
San Prudentzio danborrada eta erretreta, ETB1en eta eitb.com-en
A.A.
EiTB
Imanol Artolaren eskutik jasoko dituzte xehetasun guztiak ikus-entzuleek.
San Prudentzioak direla eta, Euskal Telebistak bat egingo du igandean, apirilak 27, Gasteizen egingo diren ospakizunekin. Imanol Artolaren eskutik, erretreta eta danborrada ikusgai izango dira ETB1en eta eitb.com-en. Erretreta 21:00etan zuzenean jarraitu ahal izango da eitb.com-en eta 21:45etik aurrera ETB1en. Danborrada 23:20ean eskainiko da telebistan eta interneten.
Arabako Foru Aldundiko eta Gasteizko Udaleko tronpetari eta atabalariek joko dute erretreta Aldundiaren jauregiko balkoitik. Joaldien artean Algara dantza taldearen emanaldia izango da. 'Askazi' izeneko obra dantzatuko dute zatika.
San Prudentzioren erretretak Erdi Aroan Gasteiz harresi ostean bizi zen garaian egiten zen dei militarra gogorarazten du. Hiriko ateak itxiko zirela iragartzen zuten.
Danborradari dagokionez, sukaldari eta soldaduek osatutako tropa Probintziako Jauregian bilduko da. Danborrak eta upelak hartuta, hiriko elkarte gastronomiko eta fanfarreen ordezkariak hirian barrena abiatuko dira, San Prudentzioren omenezko doinuak jotzera.
Erretreta eta danborradaren artean, aurtengo Gasteizko txistulari kontzertuaren unerik onenekin gozatzeko aukera izango da.