telebista
Audientzia
'Teleberri', albistegirik ikusiena, 20. hilabetez
A.H.
EITB
EiTB taldeak pasa den urteko apirileko datua berdindu du, eta bigarren postuari eutsi dio telebista autonomikoen artean
'Teleberri'k lidergoari eutsi dio albistegien artean 21 hilabetez, apirilean %15,7ko audientzia zatia lortuta. Albistegi taldeak 209.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du EAEn eta eragin eremuan.
EiTB taldeak, bere aldetik, iazko apirileko datua berdindu du eta %12,7ko audientzia zatia eskuratu du. Horrela, talde autonomikoen artean bigarren postuan jarraitzen du. Gehien nabarmendu diren emanaldien artean, besteak beste, Euskal Herriko Itzulia, 'La Noche de...'ren 1.000garren atalaren inguruko saio bereziak eta pilota daude.
'La Noche de...' ren 1.000 programak
'La Noche de...' ren 1.000 saioak ospatzeko aitzakiarekin eskainitako 'La Noche de... 8 apellidos vascos' saioak katearen bataz besteko datua gainditu zuen. Azkeneko sei urtetan saioak lortutako daturik altuena izan zuen: %23,7. Programak %12,3ko audientzia zatiarekin itxi du apirileko datua, eta 283.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu du.
Felix Linaresek aurkezten duen saioak eskainitako pelikulek harrera oso ona lortu dute apirilean: bataz beste %11ko audientzia zatia. Bienvenidos al Sur komedia italiarra nabarmendu da %14,6ko audientzia zatiarekin.
Kirol emanaldiak, ETB1en
Euskal Herriko Itzuliaren emanaldiak arrakasta handia izan zuen ETB1en. Batez beste %8ko audientzia izan zuen eta euskaldunen artean % 14,5ekoa. Horrez gain, 171.000 ikus-entzuleko audientzia metatua erdietsi zuen etapa hauetan guztietan EAEn eta eragin esparruan.
Bestalde, apirilak 13an eta 21ean eskainitako pilota partidek ere audientzia datu onak lortu zituzten ETB1en. Titin III-Zabaleta eta Ezkurdia-Merino bikoteek jokatutako partida bere ordu tartean nagusi izan zen, eta %20,4ko audientzia zatia lortu zuen euskaldunen artean. Bestalde, Xala-Zubieta eta Irujo-Barriola bikoteek jokatutako txapelketako norgehiagokak %19,5eko audientzia zatia lortu zuen euskaldunen artean, eta 110.000 ikus-entzuleko audientzia metatua Euskadin eta eragin eremuan.