telebista
Ekainak 15
'Cuadrilla busca cita', ETB2ko saio berria
Reyes Pradosek gidatuko duen saio dibertigarria estreinatuko du ETB2k, ekainaren 15ean. Lagun-talde batzuek taldeko ezkongabearentzat zita bat bilatuko dute programan.
-
Reyes Prados junto a la primera cuadrilla participante
Zer egin dezake bikotekiderik aurkitzen ez duen euskal herritar batek? Erantzuna, erraza. Bere kuadrillari laguntza eskatu. 'Cuadrilla busca cita' ETB2ko saio berrian gazteek amodioa aurki dezakete, baina, batez ere, disfrutatzeko aukera izango dute. Reyes Prados aurkezleak gidatuko du saioa, eta hautagai bikainaren bilaketa prozesu honetan ordena apur bat jartzen saiatuko da. Proba dibertigarriak, kirola, abentura eta elkarbizitza oinarri izango dituen asteburu ahaztezinaz gozatzeko aukera izango dute 'Cuadrilla busca cita' saioan parte hartzera animatzen diren gazteek.
Bertan parte hartu nahi duten taldeek neska zein mutilez osatuta egon daitezke, eta lagun-taldean bihotza bakarrik duenarentzat bikotekidea bilatu beharko dute. Ezkongabea infiltratuta egongo da bere kuadrillan eta hautagaiek ez dute jakingo azken unea iritsi arte guztien artean nor den ezkongabea.
Kuadrillaren esku egongo da lagunarentzat bikotekide posibletzat ikusten ez dituztenak kanporatzea. Hasierako zortzi hautagaietatik hiruk bakarrik izango dute ezkongabea gehiago ezagutu eta bakarkako zitaz gozatzeko aukera. Kuadrillak ere ez du xehetasunik galduko; izan ere, gertatzen den guztia ikusiko du, baina urrunetik.
Azkenik, denen artean hartu beharko dute azken erabakia. Ezkongabeak gehien gustatu zaion hautagaia aukeratuko du, eta orduan jakingo dugu hautagaiak ere ezkongabea gustuko duen edo ez. Halaber, lagun-taldearen oniritzia badu, sari oso bereziaz gozatzeko aukera izango du bikoteak.
Nola parte hartu
Bikotekiderik ez baduzu, esperientzia berezia bizi nahi baduzu eta bihotzaren ateak amodioarentzat irekita badituzu, har ezazu parte 'Cuadrilla busca cita' saioan, bakarrik zein zure kuadrillarekin. Bertan parte hartzeko, bidali zure datuak, telefono zenbakia eta argazki bat cuadrilla@eitb.com helbidera. Bestela, 688 658 535 telefono zenbakira dei dezakezu zuzenean. Zure zain gaude!
Sopelako kuadrilla bat, lehen saioko protagonista
Taldeko ezkongabearentzat bikotekide bila ari diren Sopelako lau lagun dira lehen saioko protagonistak. Bikotekiderik ez duten zortzi neskarekin asteburu baterako egonaldia antolatu diote, hobeto ezagutu eta haren bihotzaren jabe izan daitekeen emakumea aurkitzeko.
Ekainaren 15etik aurrera, guztiok gonbidatuta zaudete ETB2ko 'Cuadrilla busca cita' saioaren abentura jarraitzera.