telebista
ETB1en eta ETB2n
Zurak lantzeko proiektua ezagutuko dute 'Teknopolis'en
A.H.
EITB
Egurraren kalitate-parametroak nola ezartzen diren ikusiko dute.
Tknika zentroak gidatuta, lan-talde zabal batek Euskal Herriko zurak lantzeko proiektua du abian, eta aste honetako 'Teknopolis' saioa mendira joango da beraiekin. Zuhaitzak bota, neurtu, zatitu, zati bakoitza markatu, eta ultrasoinu-probak egingo dituzte. Ondoren, zerrategira joango dira, moztutako enborrei jarraitu eta egurra aztertzen aditu diren laborategi batean izango dira. Lan guztiaren helburua egituretan erabiliko diren zuren kalitate-parametroak ezagutzea da, lanerako tresna bihurtzea, eta lanbide-heziketan arlo horretako adituak trebatzea.
Bestalde, landare inbaditzaile bat ezagutuko du aste honetako 'Teknopolis'ek, landare inbaditzaile autoktonoa, hain zuzen ere. Aezkoako mendietan izango dira eta alkea belarrak hango belardi asko inbaditu dituen ikusiko dute.
Bukatzeko, 2006ko erreportaje bat berreskuratu du saioak, baso-makina edo prozesadoreek lana nola egiten duten erakusteko.
'Teknopolis' gaur emitituko da, 13:30etik aurrera, ETB1en eta bihar, igandean, 09:30ean, ETB2n.

