Itxi

telebista

Gaur

Estropadak, txirrindularitza eta pilota, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A.

EiTB

Eusko Tren eta San Miguel ligetako Eusko Label Bandera, Tourreko 9. etapa eta Titin III-Merino II / Urrutikoetxea-Ibai Zabala San Fermin torneoko partida.

Gaurko Euskal Telebistaren kirol eskaintzaren osagai nagusiak estropadak, txirrindularitza eta pilota izango dira. Zuzeneko hiru emanaldiak ETB1ek eta eitb.eus-en jarraitu ahal izango dira.

Arraun denboraldiko jardunaldi berri bat jokatuko da Donostian gaur. Eusko Label Bandera lortzeko lehian aterako dira Donostiako badiara lehendabizi Eusko Tren Ligako traineruak eta ondoren San Miguel Ligakoak. Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak bertan gertatzen denaren kontakizuna egingo dute 12etatik aurrera.

Bazkalostean txirrindularitzaren txanda izango da. Fermin Aramendik, Xabier Usabiagak eta Pedro Mari Goikoetxeak gidatuko dute Tourreko emankizuna 14:40etik aurrera. Gerardmer eta Mulhouse artean jokatuko da lasterketaren 9. etapa, sei mendate dituen etapa aldapatsua.

Hori amaituta, Iruñearekin bat egingo dute, Labrit pilotalekuko jaialdia zuzenean eskaintzeko. Lehendabizi, Altuna III.ak eta Artolak neurtuko dituzte indarrak lau t'erdian. Ondoren, San Fermin torneoko norgehiagoka jokatuko dute Titin III-Merino II eta Urrutikoetxea-Ibai Zabala bikoteek. Amaitzeko, Arretxe II.a eta Jaunarena izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitzek eta Joxan Tolosak egingo dute kontakizuna.

Zesta eta erremontea, ETBKn

Hiru emanaldi izango dira gaur ETBKn: 12etan, zesta puntako Euskal Herriko Herriarteko Txapelketako finalak eskainiko dira; 20:15ean, erremonteko San Fermin torneoko finala, eta 21:15ean zesta puntako Kaltzada saria: Goiko-Irastorza / Beaskoetxea-Lopez. Iñigo Aiestaran izango da komentarista hiru emankizunetan.