telebista
Gaur
Baionako jaien hasiera ekitaldia, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Ondoren, ekainean grabatutako Urruñako Kabalkadako dantza emanaldia izango da ikusgai.
Gaur gauean, ETB1ek eta eitb.eus webguneak Baionako jaiak abiatzeko ekitaldia eskainiko dute zuzenean, Lierni Agirrezabalaren eta Joanes Passicoten eskutik. Ondoren, ekainean grabatutako Urruñako Kabalkadako dantza emanaldia izango da ikusgai ETB1en.
Baionako Herriko Etxean izango dira Lierni Agirrezabala eta Joanes Passicot, 21:30etik aurrera Baionako bestetako Leon erregearen etorreraren berri emateko. Herriko Etxeko balkoi nagusitik egiten den giltzen jaurtiketa ere ikusiko dugu. Hiru giltza handi botako dituzte plazan bildutako jendetza artera, Baionako hiru auzoak ordezkatzen dituzten giltzak, egun horretatik aurrera herriko agintea baionarren esku geratzen dela irudikatuz.
Liernik eta Joanesek gonbidatu bereziak izango dituzte saioan zehar. Batetik, Jean Marc Landarretche elkarrizketatuko dute, jaiak antolatzen buru-belarri dabilen Baionako saltsero bat. Amaia Riouspeyrous kantari baxenabartarrarekin mintzatuko dira, eta zuzenean abestuko du gainera. Franck Dolosor ETBko lankidea ere hartuko dute Baionako besten inguruan solastatzeko.
Saio bereziak Nahiara Gagok egindako erreportajeak eskainiko ditu, egunean zehar Baionan izandako ekitaldiei buruzkoak: Munduko piper-tortila txapelketaren berri emango ditu, eta laborarien xokoan biltzen dituzten Iparraldeko produktu bereziak erakutsi eta dastatuko ditu.
Azkenik, Joanes Passicot Herriko Etxean bertan egiten den ongietorriko koktelean kuxkuxero ibiliko da, gonbidatu bereziei elkarrizketak egiten.
22:30etik aurrera, Urruñako Kabalkadako dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute ikus-entzuleek. Urruñako herritarrak protagonista dituen antzerki lan honetan, dantza eta abestien bidez, herria ukitzen eta hunkitzen dituen gai sozialak epaitzen dituzte, inauterien hasiera gisa.