telebista
Gaur
Deba ibaiaren ibilbidetik Illarramendirekin, 'No es País para Sosos'en
Saioaren bosgarren atal honetan, Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldariek Deba ibaiaren ibilbidea egingo dute, Gipuzkoa zeharkatzen duen ibai honen sukalde-sekretuak zeintzuk diren ezagutzeko.
Gaur gauean, 'No es País para Sosos' saioaren bosgarren atala eskainiko du ETB2k, 22:15etik aurrera. Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldariek Deba ibaiaren ibilbidea egingo dute, Gipuzkoa hegoaldetik iparralderaino zeharkatzen duen ibai honen sukalde-sekretuak zeintzuk diren ezagutzeko. Asier Illarramendi, egun Real Madril taldean jokatzen duen futbolaria izango da asteleheneko gonbidatua. Realeko jokalari ohiak erabaki beharko du bi sukaldari hauetako zeinek jaso duen hoberen Gipuzkoako ibai honek bustitzen dituen herri, haran eta sakan hauetako sukaldearen benetako izaera.
Mutrikun hasiko da bidaia gastronomikoa. Asier Illarramendi bertan jaio zen eta Anderrek eta Ramonek bertan dute hitzordua Real Madridleko jokalariarekin. Hondartzako txiringitoan egingo die Asierrek erronka. Ander ibaiaren jaiotzan hasiko da, Leintz-Gatzagan, eta Ramonek, ordea, ibaiaren bokalean ekingo dio abentura gastronomikoari, Deba herrian, hain zuzen ere.
Ander eta Ramon Asier Illarramendirekin itzuliko dira Mutrikura. Paseotxo atsegin baten ondoren, Real Madrileko erdilariak Mutrikuko futbol-zelaira eramango ditu sukaldariak, eta bertan penaltiak botatzen irakatsiko die.
Erronka iritsi baino lehen, Ramonek eta Anderrek bakarko bidearrekin jarraituko dute. Saint Girons txokolate fabrika mitikoa bisitatuko du Ramonek Mendaron. Landa Erretegiak, ordea, sukaldea kalera atera eta zapoa amerikar erara nola egiten duten erakutsiko digu. Bestalde, Anderrek, Maider Egües bere jaioterrian batu, Arrasaten, eta Oñatira eramango du. Bertan artzainen lana ezagutuko dute biek, eta txakurrek artaldea nola maneiatzen duten ere ikudiko dute.
Azkenik, bi sukaldarien norgehiagoka helduko da Lastur bailara ikusgarrian, Asier Illarramendi epaile izanik.