Itxi

telebista

Marijaia

Marijaiaren etorrera zuzenean, gaur arratsaldean, ETB2n

A.H.

EITB

Bilboko jaien hasiera eskainiko duen saio berezia 18:20ean hasiko da eta 19:30ak arte luzatuko da.

Euskal Telebistako bigarren kateak, ohikoa duen bezala, euskal hiriburuetako jaien hasierarekin bat egiten du, eta gaur Bilboko Aste Nagusiaren hasiera ekitaldia eskainiko du. Zuzen-zuzenean arituko dira Alicia San Juan eta Iñigo Lejarza Marijaiari ongietorria ematen. 18:20etik aurrera, Arriaga Antzokian abiatuko den jaiari buruzko kontakizuna egingo dute.

Bestalde, Maite Eskarmendi eta Luisma Laboa kazetariak kaleko giroaren berri emango dute. Arriaga Plazara gerturatutako bilbotarrekin egongo dira, euren hitzak eta zirrara jasotzeko. Pregoia, txupinazoa eta Marijaiaren agerpenaren ostean, Bilbok ekintzez eta kontzertuz betetako bederatzi eguneko jaiari hasiera emango dio ehunka bilbotarren aurrean. ETBko kamerak bertan egongo dira gertatzen den guztiaren berri emateko.

Ondoren, 'Aquella Aste Nagusia' dokumentala emango du ETB2K. Saio bereziak Bizkaiko hiriburuko lehen jai soil haien oroitzapenak ekarriko dizkigu bilbotarren testigantzen eta irudien bidez. Bilboko jaiak martxan jartzea ekarri zuen espiritua oroituko dugu larunbat iluntzean.

Aste Nagusiaren hogeita hamar urteen dokumental berezi honetan ikusiko ditugu, besteak beste, Kepa Junkera, Mariví Bilbao, Klaudio Landa, Julio Ibarra, José Antonio Nielfa La Otxoa, eta Francis Díez. Euren oroitzapenak eta bizipenak ezagutuko ditugu dokumental honetan.

'Bilboko Su Artifizialak 2014' , igandetik aurrera

ETB1ek gainera, 'Bilboko Su Artifizialak 2014' saioa eskainiko du egunero, Agustin Ezenarrok eta Ilaski Serranok aurkeztuta. Igandean hasi eta Bilboko Aste Nagusian zehar, saioak Bizkaiko hiriburuan izango den giroaren berri emango du 22:20etik aurrera. Eguneko su artifizialen ikuskizuna eskainiko dute zuzenean, eta egunero, gonbidatu bereziak izango dituzte.