Itxi

telebista

23:50ean

'1983 Euskadi urperatuta' dokumentala, gaur gauean, ETB1en

A.H.

EITB

Zorigaiztoko hondamendi naturala gertatu zenetik 31 urtera, Euskal Telebistak gertakari latz hura elkarriko du gogora.

  • Argazkia: Jose Manuel Irastorza.

Euskadin inoiz izan den uholderik bortitzena izan zenetik 31 urte beteko dira gaur, asteartea, eta ETB1k '1983 Euskadi urperatuta' dokumentala eskainiko du hondamendiaren urteurrenean. Jabi Elortegik zuzendu du EITBk eta Pausokak elkarlanean egin duten dokumentala.

1983ko abuztuaren 26an Euskal Herriko ehunka herri hondamen-eremutzat jo zituzten, etengabeko euriteek eta horiek eragindako uholdeek dena hondatu ostean. 34 hildako, bost desagertu eta 200.000 milioi pezetako (1.200 milioi euro) kalte materialak utzi zituen ezbeharra gogoan dute oraindik askok.

Etenik gabeko euriteek astebete iraun zuten, eta lehenengo uholdeak Gipuzkoan izan ziren. Hala ere, urak ez zuen denbora asko behar izan Araba, Nafarroa eta Bizkaia itotzeko. Azken hori izan zen uholdeek gogorren zigortu zuten lurraldea. Uholdeen egunean, metro karratuko 600 litro egin zituen, eta ez zen denbora asko behar izan ehunka herri urpean geratzeko.

Dokumentalak ezbehar natural hura bizi izan zuten lagunen istorio pertsonalak bilduko ditu. Uriarte anaiek enpresa familiarretik ezin irten topatu zuten euren burua; eta Mari Jose Irizarrek erditu zeneko uneak ekarriko ditu gogora. Bestalde, Elizondotarrak Bermeoko Kasinoaren etxabean zegoen Refugio tabernan itxita geratu ziren, eta bizi izan zituzten une latzak ekarriko dituzte gogora.

Bestalde, lan honek uholdeen jatorria, arrazoia eta kalteak zeintzuk izan ziren aztertuko ditu. Orduko gertakarien ondoren, gaur egun dagoen prebentzio-sistema sortu zuten instituzioek. Gainera, egungo teknologia aurreratuak ahalbidetzen du balizko hondamendia aurreikustea eta herritarrak ohartaraztea.

'1983 Euskadi urperatuta' gaur, asteartea, emitituko da, 23:50etik aurrera, ETB1en.