telebista
22:15ean
Koikili Lertxundiri look aldaketa, gaur, 'Itxuroso'ren estreinaldian
A.H.
EITB
Maite Eskarmendik eta Unai Goikoleak aurkeztuta, euren itxurarekin gustura egon ez edo aldatu nahi duten lau pertsonari irudi berria emango diete astero.
ETB1ek 'Itxuroso' saioa estreinatuko du gaur, 22:15ean. Euskaldunon irudia aldatu eta hobetzen saiatuko dira Maite Eskarmendi kazetaria eta Unai Goikolea artista. Nahi eta behar ezberdinek motibatuta, look berri baten bila dabiltzan lau pertsona hartuko dituzte astero programan, eta asteazkenean Koikili Lertxundi futbolariaren itxuraldaketaren lekuko izango dira ikus-entzuleak.
Andoni Urzelaik zuzenduta, 'Itxuroso'ko platoan gazteak zein helduak izango dira protagonista. Asteazkeneko saioan, Athleticeko futbolariaz gain, modernoa izan nahi duen 88 urteko andre maitagarria, bere irudiarekin ilusioa berreskuratu nahi duen ama donostiarra, eta estilo sofistikatuagoa nahi duen emakume ausarta ezagutuko dituzte.
Maite Eskarmendi kazetariak eta Unai Goikolea sortzaileak arropa proposamen ezberdinak egingo dizkiete lau gonbidatuei look berria lortzeko. Parte hartzaileak jantziak probatuko ditu, eta ondoren visagismo azterketa egingo diote, aurretik bere irudia aztertuko dute, alegia. Begiak estalita dituela, ile-apainketa eta makilaje prozesua biziko du, itxuroso jarri aurretik. Hauxe izango da, zalantzarik gabe, saioaren puntu gorena: Maitek eta Unaik zapia kenduko diote, eta une horretan protagonistak ispiluan islatuta ikusiko du bere itxuraldaketa. Emozioak gainezka egingo du, protagonistaren senide edo lagunaren erreakzioarekin batera. Aho bete hortz geratuko dira denak!
'Itxuroso' saioa ilusio eta emozio handiko unez josita egongo da. Itxuraldaketa nabarmenak erakutsi ez ezik, azken joerak eta moda aholkuak ere eskainiko ditu. Bainet ekoiztetxeak ETBrentzat egindako proiektu berriak saio trendya, gaztea eta freskoa dakar pantailara.
Lehenengo saioan, lau irudi-aldaketa
Koikili Lertxundi futbolari ohia enpresa munduan dabil gaur egun komertzial lanetan, eta bere itxurari buelta bat eman behar dio jarduera profesional berri honetara egokitzeko. Goizero entrenatzen da, eta horregatik oso sport janzten da. Baldintza bakarra jarri du futbolariak: ilean ez du kolorerik eman nahi. Enpresari bilakatuta ikusi ahal izango dugu, zapatilak alde batera utzita.
Kirol arropa besterik ez du janzten Libe Mendizabalek ere. 46 urteko donostiarrak takoiak inoiz ez ditu jartzen, ezkontzetan soilik. Ileapaindegitik urtean bitan pasatzen da, baina egiten duenean gustura sentitzen da, eta sentsazio hori egunerokora ekarri nahi du. Ilusioa berreskuratzeko nahian joango da 'Itxuroso'ra, bere senarrak eta alabak bultzatuta.
Saioan gainera, ez dago adin mugarik. Pilar Iragorrik 88 urte ditu, eta Maite Eskarmendi eta Unai Goikolea aurkezleen erronka zailena izango da. Pilar zahar-etxe batean bizi da, eta oso gazte sentitzen da barrutik eta kanpotik ere. Urte batzuk kendu nahi ditu, eta horregatik jo du 'Itxuroso'ra. Gustuko izango al ditu oiartzuarrak Maiteren eta Unairen proposamen modernoak?
Azken gonbidatuak Arantxa Berasategi du izena, eta Donezteben bizi da. Emakume altua eta hankaluzea da. Orain dela 5 urte, sabela murrizteko ebakuntza egin zioten eta geroztik gusturago sentitzen da bere gorputzarekin. Ilean xerlo urdinak ditu, izan ere, oso ausarta da eta aldaketak gustuko ditu. Irudi sofistikatuago zein modernoago baten bila joko du Maiterengana eta Unairengana.