telebista
23:30ean, ETB2n
David de Jorgerekin dietan, gaur, 'El peso y el espejo' erreportajean
A.H.
EITB
David de Jorgeren itxura eta bizitza guztiz aldatu dira azkenaldian, baina ez da lan erraza izan. Pisua galtzeko abentura azalduko digu erreportajean.
David de Jorge sukaldariak pisua galtzeko abentura gogor honetan gertu izan dituen bi elementu garrantzitsu izan dira balantza eta ispilua. Duela bi urte 267 kilo zituen Davidek eta egun 130 kilo ditu, eta horra heltzeko egin duen ibilbide luzea erakutsiko digu, gaur gauean, ETB2n ikusgai izango dugun erreportajeak. Hondarribiko sukaldariak telebista-kamerak bidelagun izango ditu bere dietan astebetez. Davidek berak, senideek, lagunek, lankideek prozesu guztia kontatuko digute. Zenbat kilo irabazi edo galduko ditu aste honetan zehar?
David de Jorge oso ezaguna da ETB2n egiten duen 'Robin Food' saioari esker. Baina ez zen guztiz zoriontsua. Bere gehiegizko pisuak osasun arazoak eragiten zizkiola ikusita, ebakuntza egitea erabaki zuen.
Lehen egin ezin zituen gauza arruntak egin ditzake orain Davidek, hala nola, hegazkinean bidaiatu, ito barik ibili, jakiez gozatu… Aldaketa erradikal honek 'Robin Food'eko aurkezlearen bizitzan izan duen eta izaten ari den eragina ulertzen lagunduko digute bere emazteak, familiak, lagunek eta prozesu guztian artatu duten medikuek. Azken finean, bizitza aldaketa bat ikusiko dugu 'El peso y el espejo' erreportajean. Zer edo zer nahi izanez gero lortu ahal dela erakutsi nahi du David de Jorgek tonu alai eta lasaian… 'Robin Food' saioaren filosofia berean.
'El peso y el espejo', gaur gauean, 23:30etik aurrera, ETB2n.