telebista
Aurrerapena
Barakaldoko tigrearen itzulera, igandean, 'Conquistour' saioan
Angel Jauregi 'El Conquis' saioko lehiakide ohia izango da Conquistourreko taldearen aurka ariko den taldeko kapitaina, Muskizen.
-
Angel Jauregi, 'Barakaldoko tigrea'. Argazkia: EiTB
Jose Luis Kortak 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko kapitainei botatako erronka amaierara iritsi da. Kapitain bakoitzak bere herrian desafio bat egin behar izan zuen, eta Conquistourreko taldeak seitik lau garaipen lortu ditu. Balantzea, hortaz, positiboa izan da.
Baina Kortaren erronka amaitu den arren, 'Conquistour' saioak erronka berriak prestatu ditu, eta datorren igandean Muskizen izango da. Angel Jauregi 'Barakaldoko tigrea', 'El Conquis' saioko lehiakide ohia, izango da Conquistourreko taldearen aurka ariko den koadrilaren kapitaina. Conquistourreko taldeko kapitainak Manu Maritxalar eta Mikel Goñi izango dira. Baina hau ez da ezusteko bakarra izango, Gotzon Mantuliz 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioko irabazlea eta askoren ustez saio honetatik pasa den lehiakide onena ere Muskizen egongo baita.
Bizkaiko ezkerraldeko taldea osatu du Angelek eta bere esanetan "talde bikaina" antolatu dute. 'El Conquis' saioko lehiakide ohia den Leon (9. eta 10. edizioetako lehiakidea), Ander (10. edizioko lehiakidea), Conquistourrean parte hartu zuen Ismael Gombore, Eneko Rodriguez eta Tomas Peña lehiakideek osatuko dute Angelek zuzendutako taldea.
Presta zaitezte, 'Barakaldoko tigrea' bueltan baita!!!