telebista
22:15ean
Kupela taldea eta errekortariak bat eginik, gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Urriaren 11n Debako Arriola auzoan emandako ikuskizuna eskainiko du ETB1ek gaur. 'Eutsi Goiari' diskoko kantak jo zituen Kupelak, eta Euskal Herriko Errekortariak taldearen emanaldia izan zen.
Kupela taldeak eta Euskal Herriko Errekortariak taldeko lagunek elkarrekin egindako ikuskizuna izango da gaur ikusgai ETB1en. Eutsi Goiari disko berriko kantak aurkeztuko ditu musika taldeak, tartean errekortariei eskainitako abesti bat.
Urriaren 11n Debako Arriola auzoan dagoen Perlakua Saka baserrian Kupela taldearen musika eta errekortarien ikuskizuna batu zituen emanaldia izan zen. Euskal Herriko Errekortariak elkarteko mutilek euren mugimendu onenak eskaini zizkieten han bildutakoei, eta, hori guztia girotzeko, Kupela taldeak musika jarri zuen une oro. Angel Larrañaga, Xabier Zabale, Aitor Furundarena eta Jesus Epelde musikariek merkaturatu berri duten Eutsi Goiari azken diskoko kantak aurkezteko probestu zuten hitzordu hura, errekortariei eskainitako abesti bat tartean.
Arratsaldeko erromerian, bertaratutako guztiak dantzan jarri zituzten abesti berri eta klasikoekin, baita Andutz eta Gurekai dantza-taldeak eta 2013ko Euskal Herriko Dantza Txapelketako irabazleak ere: Haizea Hormaetxea eta Lander Campos.
Aurkezle lanak Maria Amolategik, 'Zuek hor eta gu hemen' saioko kolaboratzaileak, egin zituen.
Hau guztia gaur izango dugu ikusgai ETB1en, 22:15etatik aurrera, 'Gol festa' saioaren ondoren.