telebista
Conquistour
Eneko Van Horenbeke, nagusi bere herrian
Bi aldiz 'El Conquistador del Fin del Mundo' irabazi duen arraunlariak, lehiakide eta kapitain lanak egin ditu bere herrian eta garaile atera da Getxoko taldearen aurka.
-
Eneko eta Conquistourreko taldea, Getxon lortutako garaipena ospatzen. Argazkia: EiTB
Eneko Van Horenbekek bi aldiz irabazi du 'El Conquistador del Fin del Mundo' saioa, baina arraunlari bizkaitarrari beti irabaztea gustatzen zaio, eta bere herrian, Getxon, ez du garaipena lortzeko aukera alferrik galdu. Gainera, lehiakide eta kapitain lanak egin ditu Manu Maritxalarrek kapitainaren lekukoa eman baitio azken desafioan.
Conquistourreko taldearen aurka, 'El Conquis' saioko Sandra lehiakide ohiak prestatutako taldea ibili da. Sandra izan da kapitaina eta garaipena lortzeko aukerak izan dituzten arren, porrota jaso dute. Ondorioz, Sandrak ezin izan du Enekoren aurkako errebantxa irabazi.
Getxoko taldeak argi utzi du lehiakorrak direla, eta eztabaidan trebeak direla ere; talde osoa oro har eta “Txejo” bereziki.
Kapitainen erronka
Kapitainen lehiak kolore bakarra izan du, eta hura, Yakareen berdea izan da. Conquistourreko taldea jaun eta jabe izan da hasieratik amaierara arte. Sandrak zuzendutako taldeak dena txarto egin du, eta asko kexatu diren arren, galtzaile argiak izan dira. Bestalde, Raul Arribasek argi utzi du ‘El Conquis’ saiotik pasa den konkistatzaile onenetako bat dela, eta bere taldeari garaipena eman dio.
Azken erronka
Azken lehian, Yakareek kapitainen erronkan lortu duen abantailari uko egin diote, eta bi taldeek egoera berdinean ekin diote probari. Arrigunako hondartzako laberintoan gauza asko gertatu dira, eta lehia parekatuta egon da azken unera arte.
David Secok lan bikaina egin du, eta Sandraren taldeko lehiakideak aztoratzea lortu du. Secoren eraginez, Getxoko taldeak denbora galdu du probako zenbait unetan eta horrexek eman dio garaipena Conquistourreko taldeari.
Getxoko taldeak ez du porrota ondo hartu eta protestaka ibili dira denbora luze batez. Protestek ez dute proban gertatutakoa aldatu, baina ez dago zalantzarik Sandrak zuzendutako taldeak zeukan guztia eman duela Conquistourreko arean.