telebista
Bertsolaritza
Xilaba Iparraldeko bertso txapelketaren finala, gaur, EiTBn
A.E.
EiTB
Irratian, telebistan eta sarean jarraipen zabala egingo zaio gaur jokatuko den lehiaketari.
Xilaba Iparraldeko bertso txapelketaren laugarren edizioaren finala gaur izango da, Baionako Lauga aretoan. Odei Barrosok, Xumai Muruak, Eneritz Zabaletak, Maddalen Arzallusek, Ramuntxo Christyk eta Sustrai Colinak eskainiko duten bertsoaldiari jarraipen zabala egingo dio EiTBk.
eitb.eus-en bidez zuzenean jarraitu ahal izango da finala, eta ETB1ek gaur gauean, 22:00etan, eskainiko du. Halaber, bertsoaldiaren une hoberenak bilduko ditu 'Hitzetik Hortzera' saioaren edizio bereziak igandean, 14:45ean, eta txapeldunaren eta gainontzeko parte hartzaileen erreakzioak jasoko dituzte ETBko albistegiek gaur eta bihar.
Finala bukatu bezain laster, protagonisten hitzak bilduko dituzte Nerea Olaso, Guillaume Irigoyen eta Franck Dolosor kazetariek; eta berehala 'Iparraldearen Orena Astekaria' edizio berezia osatuko dute. Saioa ETB1en eskainiko da igandean, goizeko 8:30ean, eta berriro ikusteko aukera izango da igandean bertan, 00:00etan, '6 Argazkitan' eta 'Tribuaren Berbak' saioen ondoren.
Azkenik, Xilabaren txapeldunaren hitzak jasoko dituzte astelehenean, 'Azpimarra' saioan (ETB1, 17:15). Ondoren, EiTB Nahieran atarian ikusgai izango dira saio guztiak.
EiTB taldeko irratietan ere Xilabaz ariko dira egunotan, besteak beste, Euskadi Irratiko albistegietan. Aurretik, ostiral goizeko 'Faktoria'n eta igande goizeko 'Amarauna' saioetan Baionako finalaz ariko da Xabier Sukia kazetaria. 'Hitza Jolas' bertso programan finaleko bertsorik onenen bilduma osatuko du Sukiak igandean bazkalostean. Radio Euskadiko albistegi eta saioetaraino helduko da Xilabaren oihartzuna.