Itxi

telebista

Aste honetan

Autobus elektrikoa nola egiten den ikusgai, 'Teknopolis' saioan

A.A.

EiTB

Ikusmena galdu duten pertsonei egokitutako surf taulari ere ezagutuko dute.

  • Iñaki Leturia. Argazkia: EiTB

    Iñaki Leturia, 'Teknopolis' saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB

Aste honetako 'Teknopolis' saioan bi asmakizun ezagutzeko aukera izango dugu. Lehenengoak surfarekin du zerikusia. Ikusmena galdu arren, teknologiari esker, surf egiten jarraitu daiteke. Horren adibidea Zarautzen aurkitu dute: Aitor Frantzesena, Gallo, erabat itsu gelditu zen duela pare bat urte, eta hala ere, ingurukoek lagunduta, surf egiten jarraitu du. Orain, olatu-arteko lagun ingeniari batek, Aitor Azpitartek, surf-ohol bat egokitu du beretzat, sentsorez eta soinu-alarmaz josia, olatuen gainean berriz ere libre izateko.

Bigarren asmakizuna autobus elektrikoa da. Irizarrera joango dira nola egiten duten ikustera. Irizar kooperatiban autobusen karroza-egileak izan dira tradizionalki, beste marka batzuetako xasisak hartu eta jantzi egin dituzte. Gero, autobusak modu integralean egiteari ekin zioten, piezak erosi eta puzzleak bezala eraikiz. Orain, berriz, autobus elektrikoaren bidea ireki dute.

Egun hauetan Mondragon Unibertsitatean ospatu duten Zientziaren Astearen berri ere emango du 'Teknopolis'ek. Bertan, batxillergoko ikasleei zuzenduta unibertsitatean garatutako hainbat proiektu ikusgarri erakutsi dituzte.

'Teknopolis' gaur eguerdian izango da ikusgai ETB1en, 13:30ean, eta igande goizean ETB2n, 09:30ean. Iñaki Leturia gidari duen saioa berriz ikusteko aukera dago astelehen bazkalostean ETB1en.