telebista
Datozen egunetan
Okzitanierari buruzko saio bereziak, Euskal Telebistan
EiTB
'Tribuaren Berbak' ez ezik, 'Iparraldearen Orena' saioak jorratuko du gaia.
Okzitania gonbidatu nagusia izango denez abendu hasieran ospatuko den Durangoko Azokan, Euskal Telebistak hainbat emanaldi prestatu ditu herrialde horretako hizkuntza eta kulturari buruz.
Kike Amonarrizek sakon aztertuko du okzitanoaren historia eta egoera gaur egun. 'Tribuaren Berbak' saioaren edizio berezia eskainiko du ETB1k azaroak 23 igandez, 22:30ean. Erreportaje horretan, Amonarrizek Okzitania Baionan hasten dela gogoratuko du eta bidean lagunduko du Franck Dolosor kazetariak, EiTBk Ipar Euskal Herrian duen korrespontsalak. Gero, Bidaxuneko gaztelu aurrean Bruno Salaberry euskal gaskoi musikariarekin solasean ariko da Kike Amonzarriz. Jose Ramon Zubiaur hizkuntzalaria gaskoierak Gipuzkoan izan duen presentziaz mintzatuko da. Paben, Pier Pol Berzaitz abeslaria, Institut Occitaneko Jean Briç Brana eta Calandretako Isabèu Vergnesekin azalduko dira 'Tribuaren Berbak' saioan. Durangoko Azoka antolatzen duen Gerediaga elkarteko Nerea Mujikarekin ere hitz egingo du Kike Amonarrizek.
Bestalde, okzitanoak eta gaskoiek Baiona inguruetan eta Aturrialdean duten presentziaz jardungo dute 'Iparraldearen Orena Astekaria' saioaren bi edizio berezietan, azaroak 30 eta abenduak 7, ETB1en, goizeko 08:30en. Franck Dolosor kazetariak zuzentzen dituen bi erreportajetan Itxaro Borda idazlea, Sustrai Colina Iparraldeko bertsolari txapelduna, Manex Pagola eta Baionaldeko hainbat gaskoik parte hartuko dute.
Euskalduna izateaz gain, Baiona eta inguruak gaskoiak ere badirela azalduko dute Kike Amonarriz eta Franck Dolosorrek 'Tribuaren Berbak' eta 'Astekaria' saioetan.