telebista
Urtarrileko datuak
Azken 12 hilabeteotako audientziarik onena izan du 'Teleberri'k
EITB
'Herri Txiki, Infernu Handi' eta 'Gu ta Gitarrak' saioek ere, oso datu onak lortu dituzte hilabete honetan. ETB2n, 'El Conquistador del Fin del Mundo' eta 'LND' nabarmendu dira ordutegi nagusian.
-
Estíbaliz Ruiz de Azúa, asteburuko 'Teleberri'aren aurkezlea
Euskal Telebistako albistegiek euren lidergoa sendotu dute urtarrilean, eta azkeneko urtean izandako hileko audientzia zatirik altuena lortu dute. 246.000 ikus-entzuleko audientzia metatuarekin eta %18,1eko zatiarekin, audientzia buru mantendu dira hogeita zortzi hiletan jarraian.
Azkeneko asteburu honetan, Euskadin bizi izan dugun euri eta elur denborale gogorraren ondorioz, 'Teleberri'k bere audientzia marka guztiak gainditu ditu. Estibaliz Ruiz de Azuak aurkeztutako lehenengo edizioak %32ko zatia eta 393.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zituen larunbatean, eta igandean, %29,2ko zatia eta 443.000 ikus-entzule.
Bestalde, 'EH Zuzenean' saioko kazetari taldeak ere denboralearen jarraipen zabala egin zuen ostiralean, eta saioak bere historiako audientzia daturik onena lortu zuen: publiko euskaldunaren %7,6ko zatia eta 106.000 ikus-entzuleko audientzia metatua.
'Herri Txiki, Infernu Handi' eta 'Gu ta Gutarrak'
Urtarrilean, euskarazko formatu berriek ere arrakasta handia izan dute. Julen Telleriak egunero aurkezten dun 'Gu ta Gutarrak' saioak, euskaldunen arteko %3,6ko zatia bereganatu du hilabete honetan, eta pasa den asteazkeneko saioarekin lortu zuen daturik altuena: %6ko zatia.
Bestalde, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioak, Mikel Pagadik eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuta, arrakasta handiz hasi zituen bere emanaldiak hile hasieran. Urtarrilean, %7,2ko audientzia zatia lortu du publiko euskaldunaren artean, eta 120.000 ikus-entzulek bat egin dute saioarekin uneren batean. Emanaldirik ikusiena Gipuzkoako Errezil herrian grabatutakoa izan zen, eta %9,7ko zatia lortu zuen euskaldunen artean.
'El Conquistador del Fin del Mundo'
Asteburuko emanaldien artean, nabarmentzekoa da 'El Conquistador del Fin del Mundo' realityak igandean lortutako arrakasta: %15,2ko audientzia zatia eta 327.000 ikus-entzuleko audientzia metatua. Ondoren, Patxi Alonsok gidatutako 'El Conquis' debateak, %18,3ko zatia eta 220.000 ikus-entzule izan zituen.
Urtarrila hasieran estreinatu zuten telebistan abentura reality ezaguna, eta audientziaren babesa jaso du. Hilean, %12,9ko zatia eta 308.000 ikus-entzuleko audientzia metatu lortu ditu igandeeko emanaldietan, eta %13,1eko zatia eta 273.000 ikus-entzule, astelehenetan. Ondorengo 'El Conquis' ere audientziaren babesa jaso du, eta %14,3ko zatia lortu izan du igandeetan, eta %14,2koa astelehenetan.
'La Noche de?'
Felix Linaresek asteartero aurkezten duen 'La Noche de?' saioa, audientziaren tarterik gustukoenetakoa izaten jarraitu du urtarrilean. Saioak %12,3ko zatia eta 257.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu ditu azkeneko hilabete honetan. Atal ikusienen artean, Fuego pelikula eskaini zuen atala izan zen, eta filmaren inguruko ezaugarri eta bitxikeri guztiak azaldu zituen programak 287.000 ikus-entzuleko audientzia metatua bereganatu zituen.