Itxi

telebista

15:00etan

Joseba Sarrionandiari elkarrizketa, gaur, 'Sautrela'n

EITB

Horrez gain, Sarrionandiaren literaturgintzari buruz argitaratu berri duen Itsasoa da bide bakarra lanaz arituko da Eider Rodriguez Hasier Etxeberriarekin.

Berrikuntza handi bat eskainiko du aste honetako 'Sautrela' saioak. Joseba Sarrionandiari elkarrizketa egin diote, eta datozen asteetako saioetan bost zatitan banatuta eskainiko dute. Larunbat honetan, zer ari den irakurtzen, zer ari den idazten eta euskal literatura nola ikusten duen azalduko du idazleak.

Aurretik, baina, Eider Rodriguezi egindako elkarrizketa izango dute saioaren ardatz. Sarrionandiaren literaturgintzari buruzko liburua argitaratu berri du (hain justu, Itsasoa da bide bakarra), eta, hala, iurretarraren literaturan murgiltzeko parada izango du 'Sautrela'k. Nola ageri da itsasoaren irudia Sarrionandiaren obran? Ba al du garapenik? Zeren sinbolo da?

Erreportajean, berriki argitaratu den liburu bat ere izango dute hizpide. Komiki eleberri bat da, Fermin Muguruzak, Harkaitz Canok eta Jorge Alderetek ondu dute eta Black is beltza du izenburu. 60ko hamarkadako New Yorken kokatutako istorioa da, Manex izeneko pertsonaia euskalduna protagonista duena. Kutsu poliziakoa duen istorioa, baina baita beste hamaika kontu ere dituena: musika, borroka, artea, kontrakultura...

Beñat Sarasolak, bere aldetik, Luis Haranburu-Altunaren nobela ezagunena berreskuratuko du: Itsasoak ez du esperantzarik. Maitasunezko istorio bat, kutsu frantses eta existentzialista duena eta bere garaian eskurik esku pasatu zena irakurleen artean. Nola irakurriko ote da berrogei urte ondoren?

'Sautrela' gaur izango da ikusgai, 15:00etatik aurrera, ETB1en.