telebista
Laburpena
Crisek Andekaren ausarkeria ordaindu eta abentura utzi du azken fasean
Minutu bateko zigorragatik galdu zuten immunitate jokoa pumek. Bestalde, azken unean galdu zuen nafarrak Andekaren aurkako lehian. Abenturaren azken fasean direla, espekulazioak dira nagusi.
Itxura guztien arabera, ez Cristinak ez pumen taldeko beste inork ez zuen ezer Andekari aurpegiratzeko honek guanakoei ikurrina lapurtu izanagatik, baina azken faseko ateetan geldituta, eta Andeka beraren aurka galduta gainera, Crisek esango lioke ziurrenik zer edo zer gustora, eta ez ezer onik.
Ezustekoa eman zuen ia-ia nafarrak, izan ere, azken garaipena lortzeko hautagai nagusienetako bati gainea hartu zion kasik; baina, pioletarekin kolpe bakarra ematea falta zitzaionean, Errekaldekoak galdutako abantaila berreskuratu eta etxera bidali zuen Cris azken unean.
Guztia Andekaren esku
Andekak guanakoen kanpamentutik gauez ikurrina lapurtzeagatik minutu bateko zigorra izan zuten pumek eta horren ondorioz galdu zuten immunitate jokoa.
Espero bezala, Real Madril futbol taldeko jarraitzailea izendatu zuten guanakoek duelurako; pumek, ostera, Cristina jarri zuten arriskuan. Hortaz, Manu Maritxalarren esku zegoen erabakia eta ez zen erabaki erraza egia esan. Raquel babesten jarraitu nahi bazuen, mihi gaiztoek diotenez, bi aukera zituen: taldean funtsezkoak dituen kideetako bat arriskuan jartzea, edo, bestela, Patxi aukeratzea.
Bestalde, ustez Manuren babesa jasotzen duena arriskuan jarriz gero, Andekaren esku geldituko litzateke guztia; eta, horrela izan zen azkenean ere. Dena dela, oraindik ez dago argi zergatik aukeratu zuten Cris, izan ere, hark ordaindu zituen azkenean ikurrina lapurtzearen ondorioak, ezkutuko estrategia ugari dauden taldean, hain zuzen ere. Baina, abenturan ohikoa den legez, Cris iraganeko kontua da jada, eta are gehiago, fase berria hasiko dela jakin ondoren.
Beste garaipen bat guanakoentzat
Bien bitartean, guanakoak beste garaipen bat ospatzen ibili ziren; baina, ohikoa denez, horrekin ere ezin dira lasaitu. Sari gozoa banatzea bera tortura bat izan zen azkenean. Maixa arduratu zen xehetasunez txokolatea banatzeaz, eta kapitainek pazientzia galdu zuten. Taldean itxuraz duten barealdiak ekaitza ekarriko du, eta lehertzeko zorioan dago gainera.
Espekulazioak eta emozio handia finalerako fasearen atarian
Abenturaren azken fasea heldu delako pozik, talde bietako lehiakideen artean gelditu barik entzuten dira espekulazioak: bateratzea, kapitainei agur esatea, etab.
Badator, beraz, ‘El Conquistador del Fin del Mundo’ saioko finala eta egoera ezin da erraza izan, inoiz ez baita izan. Fase erabakigarrian sartu da abentura, eta aukeraketak, beraz, ondo pentsatuta egin behar dira. Horregatik guztiagatik, azken fase honek ez du inor epel utziko.
or epel utziko.