telebista
Gaur, 22:30ean, ETB2n
Hondarribia Santurtziren aurka azken 'NEPPS: Entre Dos Fuegos' saioan
A.E.
EiTB
Arrain zoparik onena prestatzea izango da erronka, gaur, 22:30ean, ETB2n.
Gaur gauean, 'No es País para Sosos: Entre Dos Fuegos' saioaren azken atala eskainiko du ETB2k, 22:30etik aurrera. Dena den, Ander Gonzalez eta Ramon Roteta sukaldari eta aurkezleak berriro izango dira programazioan laster, berrikuntzaz beteta etorriko den 'No es País para Sosos' saioarekin.
Amaierako azken erronka honetan, Ramonek bere jaioterria, Hondarribia, bisitatuko du. Ander, berriz, Santurtzira joango da. Biek helburu bera dute: arrain zopa onena prestatzea.
Hondarribian, Ramonek, bere herria ondo ezagutzen duela aprobetxatuz, La Hermandad de los Pescadores jatetxera joko du zuzenean. Japonian ere ospea du jatetxe horrek, bertan prestatzen duten arrain zopagatik. Baina, oraingoan, olagarroa prestatuko dute parrilan. Ramon indarberriturik aterako da, Luisma lagunarekin gaztaroko kaleetan barneratu aurretik. Alde Zaharra, Marina auzoa eta Paradorea gertakizun eta pasadizo bitxiz jositako lekuak dira, herriko adiskide bikote famatuenetarikoarentzat. Lurretik ibili ondoren, itsasora. Esteban arrantzale eta edizio honetako sukaldariarekin itsasoratuko da Ramon.
Anderrek Santurtzin ongietorri ezin hobea izango du. San Jorgek berak hartuko du Serantes mendian, eta herria erakutsiko dio. Eta, jakina, behar den bezala, Ander, lehenengo, Tutxiren bulegora joango da pintxo bat jatera. Hirigunetik paseatu eta Karmengo Amari bisita egin ondoren, Ander eta bere gidaria arrantzaleen kofradian sartuko dira, eta Santurtziko sukaldari peto-peto batek hartuko ditu bertan. Arrain enkanteak nola egiten ziren erakutsiko die honek.
Denboraldiko azken irabazleak gustura utziko du epaimahaia. Hori bai, saria bakarrarentzat izanik ere, umore ona izango da nagusi erronka guztian.