telebista
Gaur
Eskuz Binakako finala, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en
A.A.
EiTB
Berasaluze II-Zubieta / Bengoetxea VI-Untoria partida, Bilboko Bizkaia pilotalekutik.
Euskal Telebistak zuzenean eskainiko du Pablo Berasaluzek eta Aitor Zubietak, Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka gaur jokatuko duten Eskuz Binakako Txapelketako finala. 35 profesional arituko dira lanean Bilboko Bizkaia pilotalekuan, arratsaldeko bostetatik aurrera 'ETB Kantxa' saioaren bitartez ikusgai izango den emanaldia gauzatzeko. ETB1en eta eitb.eus-en ez ezik, ETB HDn eta ETBko nazioarteko kanaletan (Canal Vasco eta ETB Sat) jarraitu ahal izango da pilotaren hitzordu garrantzitsu hau.
Xabier Euzkitze eta Joxan Tolosa arduratuko dira final handiaren kontakizunaz. Elena Azpeitiak eta Ibon Gaztañazpik pilotalekuan bizi den giroaren berri emango dute, harmailetan dauden lagunekin hitz eginez, eta eguneko protagonistak elkarrizketatuko dituzte arratsaldean zehar.
Pilota emankizuna ahalik eta osatuena izateko, bederatzi kamera erabiliko ditu Euskal Telebistako errealizazio taldeak, Fernando Lopetegi buru dela. Horietako batzuk bereziak dira, hitzordu garrantzitsuetan soilik erabiltzen direnak.
Horrela bada, Slow Motion kamerari esker, pilotarien jarraipen zehatza egin ahal izango dute, Lau eta Erdiko Txapelketako azken finalean bezala. Jokoaren irudi geldoa erakusten du kamera honek.
Ez ohiko irudiak eskainiko dituzte, baita ere, txokoan kokatutako robotizatutako kamerarekin eta kontra kantxako marra zaintzen duen kamerari esker. Halaber, pilotalekuaren ikusgarritasuna indartu asmoz, Polecam deritzon kamera kokatuko dute.
Igandeko jaialdia osatzeko, honako bi neurketa jokatuko dira: Urrutikoetxea-Apraiz / Ezkurdia-Rezusta eta Tainta-Iturriaga / Mendizabal III-Urruzola.
Finala zuzenean ikusterik ez dutenek, gaur gauean, 23:30ean, izango dute bigarren aukera ETB1en. Gainera, EiTB Nahieranen ere eskuragarri egongo da.