telebista
Udalerako hautagaiak
Lau hauteskunde-eztabaidak, aldi berean, gaur, eitb.eus-en
A.E.
EiTB
Gaur, 22:30etik aurrera, ETB2n deskonexioan eskainiko dira Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako; eta eitb.eus-en, berriz, aldi berean jarraitu ahal izango dira lau eztabaidok.
Gaur, ETB2n eta eitb.eus-en, 22:30etik aurrera, lau hauteskunde eztabaida eskainiko dira. Bertan, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko alkatetzarako hautagaiek hartuko dute parte. ETB2n, deskonexioan eskainiko dira Nafarroa, Araba, Gipuzkoa eta Bizkairako. EiTBren webgunean, eitb.eus-en, berriz, aldi berean jarraitu ahal izango dira lau eztabaida hauek, lehen aldiz.
Bizkairako eskainiko den eztabaida Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko du, eta Bilboko Udalerako hautagaiek hartuko dute parte: Juan Mari Aburto (EAJ-PNV), Luis Eguiluz (PP), Aitziber Ibaibarriaga (EH Bildu), Alfonso Gil (PSE-EE) eta Carmen Muñoz (Udalberri).
Honakoak izango dira eztabaidan jorratuko dituzten gaiak: hiri eredua eta ekonomia asmoak; azpiegiturak; auzoen parte hartzea; herritarren segurtasuna; gobernagarritasuna eta balizko itunak. Amaitzeko, botoa eskatuko du ordezkari bakoitzak.
Gipuzkoarako eztabaidan, berriz, Donostiako Alkatetzarako hautagaiak egongo dira: Juan Karlos Izagirre (EH Bildu), Ernesto Gasco (PSE-EE), Miren Albistur (PP), Eneko Goia (EAJ-PNV) eta Amaia Martin (Irabazi).
Juan Carlos Etxeberriak gidatuko du debatea, eta gai hauek aztertuko dituzte bertan: hiri eredua eta asmo ekonomikoak; azpiegiturak; uholde eta denboraleak eta hauei aurre egiteko asmoak; Donostia 2016, eta gobernagarritasuna eta balizko itunak. Botoa eskatuta amaituko da debatea.
Halaber, Gasteizko Alkatetzarako hautagaien arteko debatean, Javier Marotok (PP), Gorka Urtaranek (EAJ-PNV), Peio Lopez de Munainek (PSE-EE), Miren Larrionek (EH Bildu), Oscar Fernandezek (Irabazi) eta Ignacio Oñatek (UPyD) hartuko dute parte.
Estibaliz Ruiz de Azuak gidatuko duen eztabaidan, hautagaiek gai hauen inguruan dituzten proposamenak azalduko dituzte: hiri eredua eta ekonomia asmoak; gizarte laguntzen kudeaketa; hirigintzaren etorkizuna; herritarren parte hartzea, eta gobernagarritasuna. Ohi bezala, parte hartzaileek botoa eskatuz itxiko dute saioa.
Azkenik, laugarren debatean Iruñeko alkategaiak hartuko ditu Juan Carlos Etxeberriak: Itziar Gomez (Geroa Bai), Joseba Asiron (EH Bildu), Maite Esporrin (PSN), Pablo Zalba (PPN) eta Edurne Eguino (Izquierda-Ezkerra).
Eztabaidatu beharreko gaiak, berriz, honakoak izango dira: hiriaren proiektua; diru publikoaren erabilera; euskararen koofizialtasuna; sanferminak eta jaien eredua; gobernagarritasuna eta balizko itunak. Botoa eskatuz amaituko da debatea.