telebista
22:15ean
ETB2k gaur estreinatuko du 'A Ver Si No Llueve' saioa
EITB
Euskaldunok oporrak non igarotzen ditugun eta aisialdirako ditugun ohiturak jakin nahi izango ditu saio berriak.
Nolakoak dira euskaldunen oporrak? Aisialdi garaian ere gure betiko ohiturak mantentzen ditugu? Transformatzen ote gara Kantauri itsasoa utzi eta Mediterraneora joaten garenean? ETB2k igandean estreinatuko duen 'A Ver Si No Llueve' saio berria galdera hauei eta beste hainbat konturi erantzuten saiatuko da. Horretarako, euskal familia, bikote eta lagun-taldeen maletan sartuko da, euskaldunok udako oporrak non igarotzen ditugun jakiteko. Bazter eta inguru paregabeak ezagutzeaz gain, euskaldunak turistaren paperean sartzen direnean hartzen dituzten ohiturak eta garatzen duten nortasuna ezagutuko dituzte.
Euskaldunek oporrak igarotzeko aukeratzen dituzten tokiak ezagutuko ditu 'A Ver Si No Llueve' saioak. Bidaiak Mediterraneoko kostaldera eramango ditu derrigorrez, Benidorm, Salou, Ibiza eta Torrevieja bezalako tokietara; baita Atlantikoko kostaldera ere, Cadiz eta inguruetara. Gainera, ez ditu ahaztuko Kantauri isurialdeko lekurik ezagunenak (Lekeitio, Donostia, Noja?), eta baita Euskal Herriko barrualdeko parajeak ere. Protagonisten testigantzek emango dute toki guzti hauen berri, eta bertan bizitako hainbat istorio azalduko dituzte. Baina horrez gain, urtero euren oporraldia Euskal Herrian igarotzea aukeratzen duten atzerritarrekin izango dira.
Igandeko saioa
'A ver si no llueve' gaur estreinatuko da ETB2n, eta lehenengo atal honetan, Benidorm, Islares, Zahara de los Atunes, Hondarribi eta Altsasu herrietan izango dira.
Ángel erretirodun donostiarra da, eta Benidorm-eko Levante hondartzako aurpegi ezagunenetariko bat bihurtu da bere abesbatzari esker. Haren eskutik, oso jai berezia biziko dute ikus-entzuleek Benidorm-en: Saferminetako txupinazoa.
Horrez gain, Kantauri isurialdean ere izango da igandeko saioa. Hasteko, Islaresen izango dira, eta bertan, Agustin eta bere lagun taldeak, oporrak kanpinean nola igarotzen dituzten azalduko dute. Bitartean, Hondarribian, Iratxeren familiak belaontzi batean ematen du oporraldia, eta plan ezin hobea dela erakutsiko dute.
Kanturi isurialdetik Atlantikora salto egingo du saioak.Izan ere, Zahara de los Atunes herrian bi aktore bilbotar ezagunek euren oporrak igarotzen dituzte, eta herrira eginda daude jada, kameren aurrean erakutsiko duten bezala.
Amaitzeko, eta gurasoen etxea baino toki hobeagorik ez dagoenez, Mariak Altsasua aukeratzen du bere oporrak pasatzeko, Baina ez da Nafarroako herri txiki honetan uda igarotzen duen bakarra: Pablo Carbonell bere senarra, Mikel Urmeneta bere laguna eta Mafalda bere alaba ere oso gustura ibiltzen baitira Nafarroako lurretan.
Zure oporrak
Horrez gainera, 'A Ver Si No Llueve'-k zure oporrak guztioi erakusteko gonbidapena luzatzen dizu. Horretarako, igo zure argazkiak edo bideoak eitb.eus-eko erabiltzaileen orrira eta, ondoren, ETB2ko saioan eta webgunean erakutsiko ditugu.