Itxi

telebista

Gaur, 00:50ean

Donostiako Jazzaldiaren historiaz, '#jazzaldia50' dokumentalean, ETB2n

A.E.

EiTB

Donostiako Jazzaldiaren 50 urteko historia laburbiltzen du dokumental honek. Protagonistak elkarrizketatu eta argitaratu gabeko irudiak berreskuratu dituzte berau osatzeko.

Donostiako Jazzaldiak –gaur egun, Heineken Jazzaldia– bere 50 urteko historia laburbildu du #jazzaldia50 dokumentalean, protagonisten lekukotzak eta guztion oroimenean iltzatuta geratu diren hainbat kontzertu zoragarriren irudiak erabiliz.

Morgancreak egin du dokumentala, eta koprodukzioko partaide dira, Euskal Telebistarekin batera, TVE eta Donostia Kultura. Carlos Rodriguez izan da gidoilari eta zuzendari. Dokumentalak 56 minutuko iraupena du.

Aurtengo 50. edizioarekin, Heineken Jazzaldia Estatuko jazz jaialdi beteranoena da, eta Europako zaharrenetakoa da. Jazzeko izen handi guztiak, salbuespenik gabe, igaro dira Donostiatik, eta haietako batzuk, hainbat aldiz. Horregatik, dokumentala ez da soilik Jazzaldiaren historia, jazz garaikide osoaren historia baizik.

Dokumentala egiteko, berrogeita hamar musikari, sustatzaile, kazetari, kolaboratzaile eta jarraitzaile baino gehiago elkarrizketatu dituzte, eta, kasu askotan, argitaratu gabe zeuden artxibo grafikoak eta ikus-entzunezkoak berreskuratu dira.

#jazzaldia50 lanak dokumentazio iturri asko izan ditu, eta artxiboko material ugari bildu du horiei guztiei esker. Garrantzizkoenak honako hauek dira:

-TVEk kontserbatu dituen grabazio zaharrenak 1967koak dira; 1970etik hona, Jazzaldiaren agertoki printzipaletako kontzertu gehienak grabatu ditu.

-EiTBren artxibo dokumentalari esker, Heineken Jazzaldiaren aurpegi sozialena eta tokikoena erretratatu ahal izan da, baita 50 urteotan bete izan dituen hainbat espazio eta agertoki ere.

-Kutxatekak lehen hamarraldietako funtsezko argazki ondarea kontserbatzen du, haietako asko jada existitzen ez diren egunkarietatik datozenak, La Voz de España eta Unidad egunkarietakoak, esate baterako.

- El Diario Vasco-k balio ikaragarriko materiala du bilduta (artikuluak eta argazkiak), ikus-entzunezko medioetan jaso gabekoa den neurrian.

-Heineken Jazzaldiko antolatzaileek eurek xehetasun eta kontu handiz bildu dute urte hauetan guztietan Jazzaldiaren inguruko informazio historiko guztia: programazioa, gertaerak, argazkiak, kartelak...

Elkarrizketatu diren nazioarteko musikarien artean, nabarmentzekoak dira Chick Corea, Bobby McFerrin, Stanley Clarke, John Scofield, Dee Dee Bridgewater, Dave Holland, Toshiko Akiyoshi, Nicholas Payton, Bugge Wesseltoft, Enrico Rava eta Nicholas Payton; gure Iñaki Salvador, Gonzalo Tejada, Mikel Azpiroz, Makala eta Mikel Erentxun ahaztu gabe.

Dokumentalean agertzen dira, orobat, Jazzaldian jo zuen lehen taldea osatzen zuten bost musikarietatik hiru (Alvaro Gurrea, Eugenio del Rio eta Miguel Angel Urrutia), eta hasierako antolatzaileetako batzuk (Imanol Olaizola, Ramon Peironcely, Rafael Aguire Franco, Francette Lafont eta Rafael Briz).

Kazetarien artean, Espainiako komunikabideetako jazz kritikari garrantzitsuenek ematen dute iritzia, baita Ameriketako Estatu Batuetako, Frantziako eta Norvegiako medio batzuetako kritikariek ere.

Dokumentala Jazzaldiaren historia egiten lagundu zuten eta jada gurekin ez dauden pertsonei eskainita dago. Honako langileei eta kolaboratzaileei: Charo Fernandez, Esther Casares, Carola Ciriza, Renato Valeruz, Pedro Lafont, Francisco Antin, Xabier Portugal eta Santiago Ugarte. Eta honako musika kiritikariei: Federico Gonzalez, Xabier Rekalde, Javier de Cambra, Raul Mao eta Juan Claudio Cifuentes.

#jazzaldia50 dokumentala, gaur gauean, 00:50ean, ETB2n.