Itxi

telebista

22:00etan

Musika eta suak batuko dituen ikuskizuna, zuzenean, ETB1en

EITB

Su artifizialen ikuskizun musikala zuzenean eskainiko du 'Donostiako Aste Nagusia 2015' saioak, eta Agustin Ezenarrok eta Izaro Iraetak hainbat gonbidatu izango dituzte saio berezi honetan.

Agustin Ezenarro eta Izaro Iraeta zuzenean arituko dira Kontxako pasealekutik, 22:00etan, 'Donostiako Aste Nagusia 2015' saioaren azken atalean, eta hainbat gonbidatu berezi izango dituzte. Ibon Gaztañazpi kazetari eta aurkezleak estropaden berri emango du, Joseba Arguiñanok (sukaldari famatuaren semea) Aste Nagusiko gauetan dastatzeko moduko freskagarriak ekarriko ditu, Ainhoa Aierbe aktore donostiarrak Aste Nagusiko bere bizipenak kontatuko ditu, eta Naiara Arnedo aktoreak su artifizialak zergatik gustatzen zaizkion azalduko du kameren aurrean.

Horrez gain, Unai Etxabe berriemaileak Illunbeko zezen-plazan izandako errekortarien saioan ikusitakoak ekarriko ditu, eta Anuska Etxeberriak Añorgako dantzariek eskainiko duten ikuskizuna gerturatuko du.

Aste Nagusiko azken egunean, su artifizialen ikuskizun musikala eskaintzen da, lehiaketatik kanpo. Aurten, beste hainbat urtetan bezala, Valentziako Ricasa etxeak izango du musika eta suak batuko dituen ikuskizunaren ardura.