Itxi

telebista

Atal berriak

'Objetivo Euskadi', gaurtik aurrera, ETB2n

EITB

Saioa astelehenetan izango da ikusgai, eta udako gai hurbilak jorratuko ditu, freskoak eta arinak.

'Objetivo Euskadi' erreportaje saioak atal berriak eskainiko ditu ETB2n, gaur gauetik aurrera. Udako gai freskoak eta arinak hizpide hartuta, Euskadiko kaleetako errealitate ezberdinen lekuko izango dira atal berriok. Guztion gustuko kontuak jorratuko dituzte, sukaldaritza eta turismoa, esate baterako.

Saioko kamerak kalera irtengo dira uda garaian, eta hondartza, mendi, taberna eta lokaletan sartuko dira, kaleko pertsonaia anonimoak protagonista bihurtu eta euren istorioak gertutik ezagutzeko. Mugimendua izan da beti 'Objetivo Euskadi' saioko erreportajeen ezaugarri garrantzitsua, eta astelehenetan ikusgai izango diren emankizun berriak ere oso dinamikoak eta gertu-gertukoak izango dira.

Udako gaiak

Gaur gaueko saioan, euskaldunek udan izaten dituzten jateko ohiturak aztertuko  dituzte. Euskal Herrian zehar bidaia gastronomikoa egingo dute ikus-entzuleek: parriladak, paellak eta hondartzan jateko moduko tortilla bokatak zein kalitate handiko jakiak, mariskoa, besteak beste. Sukalde eta janari ohituretan barrena, bidaia dibertigarria eskainiko du, eta hainbat sorpresarekin egingo du topo.

Hurrengo atalean, ordea, Euskal Herrian dugun ezohiko turismo eskaintza aztertuko du 'Objetivo Euskadi'k. Gurera ekintza eta jarduera arraroak egitera etortzen diren turistekin arituko dira, eta haiek emango dute euren oporraldi berezien berri. Ostatu eta egonaldi xelebreenak, kirol eskaintza amaigabea, kostaldeko tokirik ezkutuenak eta familia osoarentzako landa-turismoko eskaintza esklusiboena ezagutuko ditu saioak.

Horrez gain, euskaldunen eta andaluziarren arteko ezberdintasunen gaineko jokoan sartuko da 'Objetivo Euskadi', eta bi lurraldeetan barrena murgilduko da erreportaje dibertigarria eskaintzeko. Horretarako, Andaluzian bizi diren euskaldunak, eta Euskadin bizi diren andaluziarrak ezagutuko ditugu, eta, horrez gain, laster Euskal Telebistan eskainiko den 'Tú al Norte y yo al Sur' saioaren aurkezlearekin, Reyes Pradosekin, eta saioan parte hartuko duten Gorka Aginagalde eta Natalia Roig aktoreekin egongo dira.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista