telebista
Zuzenean
Kontxako Bandera eta Lekeitioko pilota finala, gaur, ETB1en
A.A.
EiTB
Donostiako estropadaren lehen jardunaldia eta San Antolin torneoa izango ditugu eguneko kirol hitzordu nagusiak.
Kontxako Banderaren lehen jardunaldia jokatuko da gaur Donostiako badian, eta ETBk eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dute kirol hitzordu garrantzitsu hau. Eguneko bigarren arreta gunea Lekeition egongo da, San Antolin pilota torneoko finala jokatuko baita bertan.
Estropada emankizuna 10:45ean hasiko da, emakumeen lehiaketarekin. Zumaia, Hibaika, Orio eta San Juan izango dira nor baino nor gehiago. Ondoren, gizonezkoen estropada jokatuko da: 1go txandan Donostiarrak, Bermeok, San Pedrok eta Oriok egingo dute arraunean; bigarrenean, berriz, Tiranek, Kaikuk, San Juanek eta Hondarribiak. Mikel Olazabalek eta Ibon Gaztañazpik egingo dute kontakizuna. Sara Gandarak eta Xabier Anduezak, bere aldetik, eguneko protagonistak elkarrizketatuko dituzte.
Eguneko bigarren zuzeneko emankizuna 17:00etan hasiko da. Lekeition izango da 'ETB Kantxa' saioko lan-taldea, San Antolin Torneoko finala eskaintzeko. Partida nagusiaren aurretik, J. Retegi-Zubieta eta Elezkano II-Aretxabaleta izango dira aurrez aurre, eta ondoren, Tainta-Iturriaga eta Dario-Cecilio.
Pilotaren aurretik, artzain txakurren Amaiur Sariaren ingurukoak ekarriko dizkigute Iñigo Aiestaranek eta Joseba Arrizabalagak ETB1en.
Bestalde, ETB4n, erremonte eta zesta punta partida bana izango dira ikusgai. Ezkurra-Agirrezabala / Etxeberria IV-Ion, 20:30ean, eta Olha-Inza / Zulaika-Urtasun (Euskadiko Txapelketako ¾ posturako partida), 23:50ean. Emanaldi hauetan ere Iñigo Aiestaranek egingo ditu esatari lanak. Manuel Arrizabalaga 'Matxin' eta Iñigo Gorostola adituak izango ditu lagun, hurrenez hurren.