telebista
22:30ean
'Vaya Semanita'ren esketx berrien estreinaldia, gaur gauean, ETB2n
EITB
Kurtso politikoaren hasierari begira jarriko da lehenengo atala, eta gure politikari ezagunenen gorabeherak azalduko ditu.
Euskal Telebistak 'Vaya Semanita'ren atal berriak estreinatuko ditu gaur gauean. Euskadiko gai politiko eta sozial garrantzitsuenak aztertuko dituzte astero, umorez beteriko esketx ezberdinen bitartez.
Pausoka ekoiztetxearen eskutik, eta Javier Garcia de Vicuñaren zuzendaritzapean, aktore talde bikainak parte hartuko du lau atal hauetan: Iker Galartza, Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Andoni Agirregomezkorta, Humberto Gutierrez, Diego Perez, Leire Ruiz, Maribel Salas, Unai Garcia...
ETB2k ekainean eskaini zituen 'Vaya Semanita' saioaren atalek izandako harrera onaren ostean datoz programa berriak. Izan ere, ekaineko lau atal berriek % 12,2eko audientzia zatia eta 249.000 ikus-entzuleko audientzia metatua lortu zuten Euskadin eta eragin eremuan.
Lehenengo atala
Lehenengo atalean, kurtso politikoaren hasiera aztertuko du 'Vaya Semanita'k, eta Estatu mailako eta lurralde mailako politikari garrantzitsuenen gorabeherak azalduko ditu.
Besteak beste, Mariano Rajoyk bi presidente ohiren bisita jasoko du, eta Soraia Sanchez de Santamaria Gobernuko bozeramaileak, bere aldetik, 'Big Bang Theory'ko mutilen laguntza izango du.
'Vaya Semanita'k, gainera, ez du Kataluniako azken ordukoa galdu nahi izango, eta horregatik, Nekane Amaya ijito abertzalea bertara hurbilduko da, kaleetan bizi den giroaren lekuko izateko. EAJ alderdiak ere Katalunian gertatzen dena gertutik bizi nahi izango du, eta Bartzelonara bidaliko ditu kideak, Diada ospatzera. Amaitzeko, Ciudadanos alderdiak Euskadin egin duen kanpaina azalduko du saioak.
Bete ezinezko misioa
Promozio bideo dibertigarri batek 'VS'ko atal berrien estreinaldia aurreratu du. Iker Galartza eta Diego Perez aktoreek Mission: Impossible filmeko eszena baten parodia egingo dute, eta ETBk aurretik eskainitako 'Vaya Semanita' saioaren errepikapen guztiak ezabatzen saiatu beharko dute. Horrela iragarri dute 'Vaya Semanita' aste honetan hasita izango dela berriz ikusgai, baina errepikapenik gabe, atal berriak izango baitira.
izango baitira.