telebista
Gaur
El Corte Ingles Bandera eta San Mateo torneoa, ETBn
A.A.
EiTB
Goizean, San Miguel Ligako azken estropadarekin batera, playoffeko bigarren jardunaldia jokatuko da. Arratsaldean, Logroñoko jaialdia izango da ikusgai.
San Miguel Ligako azken estropada eskainiko dute ETB1ek eta eitb.eus-ek gaur. Portugaleten jokatuko den El Corte Ingles Banderaren kontakizuna egingo dute Mikel Olazabalek, Ibon Gaztañazpik eta Sara Gandarak. Eguerdiko 12:00etan hasiko den emankizunak playoffetako bigarren jardunaldia eskainiko du lehendabizi. Datorren urtean San Miguel Ligan aritzeko aukera eskainiko die asteburuko bi playoffek bi traineruri. Getaria, Zumaia, Mugardos eta Portugalete izango dira lehian.
Pilota emankizuna 17:00etan hasiko da ETB1en eta eitb.eus-en, Logroñoko Adarragatik, Xabier Euzkitzeren eta Joxan Tolosaren gidaritzapean. Gorka-Cecilio / Dario-Rezusta partidak zabalduko du jaialdia. Ondoren, San Mateo torneoko norgehiagoka jokatuko dute Bengoetxea VI-Untoria eta Ezkurdia-Zubieta bikoteek. Azkenik, Arretxe II-Galartza eta Elezkano II-Larunbe izango dira aurrez aurre.
'ETB Kantxa' saioaren aurretik, bezperan Atxondon jokatutako Euskadiko Artzain Txakur Txapelketaren berri emango digu Iñigo Aiestaranek, ETB1en.
ETB4n bi kirol hitzordu izango ditugu. 18:45ean, Hondarribiko traineruari herritarrek egingo dioten harreraren kontakizuna egingo dute zuzenean Sara Gandarak eta Ibon Gaztañazpik. Emanaldi hau eitb.eus-en ere ikusgai izango da.
Bestalde, 20:30ean, zesta puntako Buruz Buruko Txapelketako ¾ posturako partida eskainiko da: Olharan-Erik. Iñigo Aiestaran eta Jon Zulaika izango dira esatariak.