telebista
Gaur, 21:20an
Gurasoak bananduta dituzten gutarren esperientziak, 'Gu ta Gutarrak'en
EiTB
Edizio honetako gutar asko bananduta dauden gurasoen seme-alabak dira, eta zer sentitzen duten eta egoera honi nola egiten zaion aurre kontatuko dute.
Gutarrek bihotza zabalduko digute gaurko 'Gu ta Gutarrak' saioan; izan ere, bananduta dauden gurasoen seme-alabak izateak zer eragin dien eta nola egiten dioten horri aurre kontatuko dute platoan.
Edizio honetako gutar asko bananduta dauden gurasoen seme-alabak dira, eta txikitatik bizi izan dituzten esperientzia eta bizipenetan oinarrituta, benetan zer sentitzen duten eta egoera honi nola egiten zaion aurre jakingo dugu beren kontakizunari esker.
Besteak beste, Eñauten kasua ezagutuko dugu. Bera txikia zenean banandu ziren Hernaniko errekortariaren gurasoak, eta izebaren etxean bizi da ordutik. Behar izan duen maitasuna eta babesa honek eman dio urte hauetan guztietan.
Halaber, Segurako Eukeneren eta Eibarko Joneren kasuak ezagutuko ditugu, eta baita Duniak nola izan zuen bere gurasoen banatzearen berri ere.
Nola egin diote aurre gutarrek egoera honi?
Gurasoak banandu ostean zer-nolako harremana dute seme-alabek beren gurasoekin? Nola sentitzen dira bananduta dauden gurasoen seme-alabak? Nola egin diote aurre gutarrek egoera honi? Gurasoak barkatu dituzte gutarrek?
Etsipena, sentimendu kontrajarriak, mina eta amorrua. Bihotzetik ateratako hamaika sentimendu erakutsiko dituzte gutarrek. Emozioak, malkoak eta oroitzapenak izango dira nagusi. Gutarrak ez ezik, kuxkuxeroak eta publikoa ere malkotan ikusiko ditugu.
'Gu ta Gutarrak' 21:20an izango da ikusgai, gaur, ETB1en.