Itxi

telebista

Igande honetan

Zestoa eta Abadiñoko bertso saioak, "Hitzetik Hortzera"n

A.A.

EITB

Araba eta Nafarroako txapelketen berri ere emango dute.

Zestoan eta Abadiñon izandako ekitaldien berri dakar aste honetan "Hitzetik Hortzera" saioak, igandean, arratsaldeko hiruretan, ETB-1en.

Zestoako Geltoki Zaharra Argizulo etxea bihurtu zen duela zazpi urte okupatu zutenei esker. Hutsa eta hitsa zegoen etxea biziberritu egin dute eta egunotan ospatu dute zazpigarren urtemuga. Bertso afari berezia egin dute bertan Hamaika Bertuteko Iñigo Manzisidor Mantxi, Ainhoa Agirreazaldegi, Iñaki Gurrutxaga, Uxue Alberdi eta Iker Iriarterekin. Apoteosia eragin zuten estazio zaharreko bertsozaleengan gitarra eta aho-soinuz lagundutako bertsoaldiek.

Abadiñoko gaztetxean, giro intimoagoan kantatu zuten Maialen Lujanbiok eta Jon Maiak. Edozein gai jarrita ere, poesia egiteko kapaz da bikote hau. Adibide modura, tabakoaren eta erretzeko paperaren roletan egin zuten bertsoaldia.

Gainera, Nafarroako Txapelketaren berri ere emango dute, finalerdietara igaro direnen izenak argitu baitira asteburuan Garesen. Estitxu Arozenak irabazi du azken final laurdena, eta oholtzatik jaitsi berri bere inpresioak jaso ditu Amaia Uribek. Arabako Txapelketa ere aurkeztu da asteburuan. Berrituta dator, kuadrilen arteko lehia izango baitugu aurten eta sekula baino parte-hartzaile gehiago izango du.

Zuri-beltzekoa-n Juan Mugartegiren ale eder bi eta Zapping-ean Anjel Mari Peñagarikanok Tolosako inauteriei jarritako bertsoak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Telebista