Itxi

telebista

Film dokumentala

'Barrura begiratzeko leihoak-Ventanas al interior', gaur, ETB2n

A.E.

EiTB

Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategik zuzendutako dokumentalean, euskal preso mundua jorratzen dute, bost istorio ezberdinetan.

ETB2k Barrura begiratzeko leihoak-Ventanas al interior film dokumentala eskainiko du gaur. Euskal presoen mundua jorratzen dute bertan eta bost istorio ezberdinek osatzen dute filma. Bost dira, halaber, zuzendariak: Josu Martinez, Eneko Olasagasti, Mireia Gabilondo, Enara Goikoetxea eta Txaber Larreategi. Egileon asmoa, giza ikuspegitik, hedabide ofizialek askotan okertu eta desitxuratuta erakusten duten errealitate soziala erakustea da: euskal presoen giza errealitatea.

Bost euskal preso politikoen historia kontatzen du filmak. Pertsonen erretratua landu nahi dute zuzendariek, preso izaeraren atzean dagoen pertsona erretratatu alegia. "Euskal presoen gai eztabaidatsuaren inguruan ezaguera eskasa da, eta aurre iritziz beteta egon ohi da", diote. Bestelako ikuspegia eskaini nahi dute, gizakia ardatz hartuta, gure baitan dagoen pertsonarengana hurbiltzeko.

"Presoei diren pertsona arruntak bezala begiratuko diegu. Tituluak oso zinematografikoa den ideia batekin jokatu nahi du: leiho irekiaren ideiarekin, eta zentzu bikoitza emanez gainera: kartzelaren barrura begiratzeko eta pertsonaren barrura begiratzeko, hedabide nagusiek askotan ukatzen duten pertsona", azaldu dute egileek.

Barrura begiratzeko leihoak-Ventanas al interior gaur izango da ikusgai 22:30ean ETB2n.